Itun Zaharra

Itun Berria

2 Erregeak 10:13-29 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

13. Judako errege Akaziasen senideak aurkitu zituen. Jehuk galdetu zien:—Zein zarete?Haiek erantzun:—Akaziasen senide gaituzu. Erregearen eta ama-erreginaren seme-alabak agurtzera gatoz.

14. Orduan, Jehuk bere lagunei:—Harrapa itzazue bizirik!Bizirik harrapatu, baina Bet-Ekedeko putzu ondoan hil zituzten. Berrogeita bi gizaseme ziren, eta ez zen bat ere bizirik gelditu.

15. Handik alde egin ondoren, Rekaben seme Jonadab aurkitu zuen Jehuk, berarengana zetorrela. Jehuk agurtu eta esan zion:—Leiala al zaitut, ni leiala nauzun bezala?Jonadabek erantzun:—Bai.Eta Jehuk:—Hala baldin bada, eman eskua.Eman zion eskua Jonadabek eta Jehuk bere guda-gurdira igoarazi zuen,

16. esanez:—Zatoz nirekin eta ikusi nolako maitemina diodan Jaunari.Eta berekin hartu zuen guda-gurdian Jehuk.

17. Samariara heltzean, hirian ziren Akaben gainerako ahaide guztiak hil zituen, denak suntsituz, Jaunak Eliasi esana zion bezala.

18. Jehuk Samariako herria bilarazi eta esan zuen:—Akabek kultu txikia eman zion Baali; nik handia emango diot.

19. Bildu niregana Baalen profeta guztiak eta haren adoratzaile eta apaiz guztiak. Ez dadila bat ere geldi etorri gabe, opari handia eskaini behar baitiot Baali. Etortzen ez denak heriotza-zigorra izanen du.Jehuren tranpa zen hau, Baalen adoratzaileak desagerrarazteko.

20. Jehuk agindu zuen:—Dei ezazue jendea batzar santura, Baalen ohorez!Hala, egin zuten deia

21. eta Jehuk Israel osora zabalarazi zuen. Baalen adoratzaile guztiak etorri ziren, ez zen bat ere gelditu etorri gabe. Sartu zirenean, Baalen jauretxea erabat bete zen.

22. Orduan, Jehuk agindu zion jantzi sakratuen arduradunari:—Atera jantzi sakratuak Baalen adoratzaile guztientzat.Eta atera zituen.

23. Gero, Jehu eta Rekaben seme Jonadab Baalen jauretxean sartu ziren. Jehuk esan zien Baalen adoratzaileei:—Begira ezazue ongi hemen, zeuen artean, Jaunaren adoratzailerik ba ote dagoen, ala Baalenak bakarrik zaudeten.

24. Orduan, Jehu eta Jonadab sakrifizioak eta erre-opariak eskaintzera sartu ziren. Jehuk, ordea, ezarriak zituen kanpoan laurogei gizon, agindu honekin: «Zuen esku uzten ditut adoratzaile horiek. Zuetariko norbaitek horietako bakar bati ihes egiten uzten badio, bere biziaz ordainduko du».

25. Erre-opariaren eskaintza bukatu zuenean, Jehuk gudari eta buruzagiei agindu zien:—Aurrera! Hil itzazue! Ez dezala inork ere ihes egin!Ezpataz hil eta kanpora bota zituzten. Gero, gudari eta buruzagiek, Baalen jauretxeko barne-gelara sartu,

26. jauretxeko zutarri sakratuak atera eta kiskali egin zituzten.

27. Baalen zutarri sakratuak desegin ondoren, jauretxea bera ere hondatu zuten eta simaurtegi bihurtu. Halaxe da gaurdaino.

28. Jehuk, beraz, desagerrarazi egin zuen Baal Israeldik.

29. Hala ere, Jehu ez zen urrundu Nebaten seme Jeroboamek Israeli eginarazi zizkion bekatuetatik, hau da, Betelgo eta Dango urrezko zekorrak gurtzetik.

Irakurri kapitulu osoa 2 Erregeak 10