Itun Zaharra

Itun Berria

1 Makabearrak 5:49-67 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

49. Orduan, bakoitza, zegoen tokian, erasotzeko prest egoteko agindua zabaldu zuen Judasek gudarostean.

50. Gudariak erasorako prestatu zirelarik, Judasek egun eta gau osoan eraso zion hiriari, hartu zuen arte.

51. Gizaseme guztiak ezpataz hil ondoren, hiria xehatu, harrapakinak hartu eta gorpuen gainetik igaro zen hirian zehar.

52. Gero, Jordan ibaia igaro zuten, Bet-San hiriaren aurrez aurre dagoen Lautada Handian sartzeko.

53. Ibilaldi osoan, atzean geldituak bilduz eta herria suspertuz joan zen Judas, Judea lurraldera heldu ziren arte.

54. Sion mendira alai eta pozik igo eta erre-opariak eskaini zituzten, beren arteko bat ere galdu gabe onik itzuli zirelako.

55. Judas eta Jonatan Galaaden zirelarik eta haien anaia Simon Galilean, Ptolemaidaren aurrez aurre,

56. gudarostearen buruzagi ziren Josek, Zakariasen semeak, eta Azariasek, haien egintza handi eta borroken berri entzunik,

57. esan zioten elkarri: «Guk ere ospetsu egin behar dugu geure izena. Eraso diezaiegun inguruetako jentilei».

58. Orduan, Jamnia hiriari erasotzeko agindu zioten beren menpe zuten gudari-taldeari.

59. Gorgias bere gizonekin hiritik atera zen, borrokari ekiteko.

60. Eta menderatu egin zituen Jose eta Azarias, eta Judeako mugetaraino pertsegitu. Israeldar gudarosteko bi mila gizon inguru galdu ziren egun hartan.

61. Judas eta beronen anaien esana aditu gabe, egintza handiak egiteko gauza zirela uste izan zutelako gertatu zitzaion gudari-taldeari hondamen hura.

62. Haiek ez ziren, ordea, Jainkoak Israel herria salbatzeko eginkizuna eman zien gizon haien kastakoak.

63. Judas ausart hark eta anaiek ospe handia izan zuten Israel osoan eta haien izena entzuna zen herrialde guztietan.

64. Jende-multzo handiak biltzen zitzaizkien, beraiek txalotuz.

65. Judas, bere anaiekin, Esauren jatorriko jendearen kontra abiatu zen hegoaldeko lurraldera. Hebron hiriaz eta inguruko herrixkez jabeturik, harresiak xehatu eta su eman zien haren inguruko dorreei.

66. Ondoren, filistearren lurralderantz abiatu zen, Marisa zeharkatuz.

67. Borrokan kontuz ibili gabe, handikeriak egin nahi izan zituzten apaiz batzuk erori ziren egun hartan.

Irakurri kapitulu osoa 1 Makabearrak 5