Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16

Itun Zaharra

Itun Berria

1 Makabearrak 5 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

Judas idumearren eta amondarren kontra

1. Aldarea berreraiki eta tenplua lehengo erara konpondu zutela jakitean, inguruetako herriek, erabat haserreturik,

2. beraien artean bizi ziren Jakoben ondorengoak desagerraraztea erabaki zuten, eta israeldarrak hiltzen eta triskatzen hasi ziren.

3. Orduan, Judasek eraso egin zien Idumean bizi ziren Esauren ondorengoei, baita Akrabatenekoei ere, israeldarrak inguratuak zeuzkatelako. Zeharo porrokatu eta hondatu zituen eta haien ondasunak hartu.

4. Gero, Baianen leinukoek egiten zuten kalteaz oharturik —israeldarren zelatan egoten baitziren bideetan, tranpak eta eragozpenak jarriz—,

5. beren dorreetan gordetzera behartu zituen Judasek. Ondoren, inguratu eta, erabat suntsitzeko, su eman zien dorreei eta barruan ziren guztiei.

6. Gero, amondarren kontra oldartu zen. Lagun asko ziren amondarrak eta gudaroste indartsua zuten, Timoteoren buruzagitzapean.

7. Gudukatze askoren ondoren, menderatu eta hondatu egin zituen.

8. Jazer izeneko hiriaz eta inguruetako herrixkez jabetu eta Judeara itzuli zen.

Galilean eta Galaaden gudukatzeko prestaketak

9. Galaadeko jentilek elkar hartu zuten lurralde hartan bizi ziren israeldarrak desagerrarazteko. Israeldarrek, Datema izeneko gotorlekuan gorde

10. eta gutunak igorri zizkieten Judasi eta beronen anaiei, esanez: «Gure inguruan bizi diren jentilek elkar hartu dute gu desagerrarazteko.

11. Gotorlekuan babestu gara, baina gotorleku hau hartzeko prestatzen ari dira, Timoteo gudalburu dutela.

12. Zatoz berehala, gu horien eskuetatik libratzera. Gutarik asko erori da jadanik,

13. eta Tobiasen eskualdean bizi diren gure senide guztiak, mila gizon inguru, hil dituzte, eta beraien emazte eta seme-alabak gatibu eraman eta ondasunak ostu».

14. Gutunak irakurtzen ari zirelarik, beste mezulari batzuk heldu ziren Galileatik, jantziak urraturik, berri honekin:

15. «Ptolemaidakoak, Tiro eta Sidongoak Galileako jentil guztiekin elkartu dira gu suntsitzeko».

16. Judasek eta herriak, albiste horiek entzutean, biltzar handia egin zuten, etsaiek hala estutzen eta erasotzen zituzten senideei nola lagundu erabakitzeko.

17. Judas honela mintzatu zitzaion bere anaia Simoni: «Hartu gizonak eta hoa Galileako senideak libratzera; anaia Jonatan eta biok Galaadeko eskualdera joango gaituk».

18. Judea defendatzeko, Zakariasen seme Jose eta Azarias, herriko arduraduna, utzi zituen gainerako gudarostearekin,

19. eta agindu hau eman zien: «Zuen buruzagitzapean gelditzen da gudari-talde hau; baina ez egin borrokarik jentilen kontra gu itzuli arte».

20. Simoni hiru mila gizon eman zizkioten Galilean borrokatzeko eta Judasi zortzi mila, Galaaden borrokatzeko.

Zenbait gudukatze Galilean eta Galaaden

21. Galileara heldurik, Simonek borroka ugari egin zuen jentilen kontra, menderatu eta ihes eragin zien.

22. Ptolemaida hiriko ateetaraino pertsegitu zituen. Hiru bat mila jentil erori zen hilik, eta Simonek hartu egin zituen haien ondasunak.

23. Ondoren, Galilean eta Arbata izeneko eskualdean bizi ziren juduak, beren emazte, seme-alaba eta zuten guztiarekin hartu eta Judeara eraman zituen pozaren pozez.

24. Bitartean, Judas Makabearrak eta beronen anaia Jonatanek Jordan ibaia igaro eta basamortuan barrena hiru eguneko ibilaldia egin zuten.

25. Nabatearrak aurkiturik, nabatear haiek harrera baketsua egin zieten eta Galaadeko eskualdean bizi ziren juduei gertatuaren berri eman,

26. hau da, inguratuak zeudela Bosora, Bosor, Alema, Kasio, Maked eta Karnain hiri handi eta indartsuetan,

27. eta Galaadeko beste hirietan ere halaxe zeudela; gainera, biharamunean gotorleku guztiei eraso, hartu eta judu guztiak egun berean desagerrarazteko asmoa zutela etsaiek.

28. Judasek, berehala, Bosorarako bidea hartu zuen, basamortuan zehar, bere gudarostearekin. Hiriaz jabetu, gizaseme guztiak ezpataz hil eta, hiriko ondasunak hartu ondoren, su eman zion.

29. Gauez handik atera eta Datema izeneko hiri gotor ingurura joan zen.

30. Eguna argitzean, begiak jaso eta kontaezin ahalako jendetza handia ikusi zuten juduek, hiri gotor hartaz jabetzeko eskalak eta tramankuluak eraikitzen. Ordurako hasia zuten erasoa.

31. Erasoa hasia zela ikusirik eta hiritik zeruraino deiadar izugarria eta turuta-hotsa zihoazela oharturik,

32. esan zien Judasek bere gudarosteko gizonei: «Borroka zaitezte gaur zeuen senideen alde!»

33. Eta hiru lerrotan taldekaturik, etsaiaren atzealdetik hurbildu ziren, turutak joz eta otoitz-oihuak eginez.

34. Timoteoren gudari-taldeek, Makabearra zetorkiela ohartzean, ihesari eman zioten. Triskantza handia egin zien Makabearrak, egun hartan zortzi mila gizon inguru erori zirelarik.

35. Gero, Alema hirirako bidea hartu zuen Judasek. Eraso zion hiriari, hartu eta, gizaseme guztiak hil eta bertako ondasunez jabetu ondoren, su eman zion.

36. Handik abiaturik, Kasfo, Maked, Bosor eta Galaad eskualdeko beste hiriak ere hartu zituen.

37. Gertakari hauen ondoren, beste gudari-talde bat hartu eta Rafon hiriaren aurrez aurre ezarri zuen kanpalekua Timoteok, errekaz beste aldera.

38. Judasek kanpaleku hura ikertzera bidali zituen batzuk, eta berri hau ekarri zioten: «Gure inguruetako jentil guztiak bildu zaizkio Timoteori eta gudaroste izugarria eratu dute.

39. Saripean hartutako arabiarrak ere badituzte, laguntzaile. Uraz handik daude etxolatuak eta zuri erasotzera etortzeko prest». Judas etsaiei aurre egitera irten

40. eta errekara hurbildu zen bere gudarostearekin. Orduan, esan zien Timoteok bere gudarosteko buruzagiei: «Guk baino lehenago erreka igaro eta erasotzen badigu, ezin izango diogu eutsi; garaitu egingo gaitu segurki.

41. Baina ikaratu eta uraz handik gelditzen bada, guk erreka igaro, eraso eta garaitu egingo dugu».

42. Erreka-bazterrera heltzean, bertan jarri zituen Judasek gudarosteko ofizialak, agindu honekin: «Ez utzi inori oihal-etxolak ezartzen. Doazela denak borrokara».

43. Lehenengo Judasek berak igaro zuen erreka etsaiaren kontra joateko, eta gudaroste osoak jarraitu zion gero. Juduek garaitu egin zituzten jentilak, eta hauek armak bota eta ihesi joan ziren arrapaladan Karnaingo jauretxera.

44. Juduek, ordea, hiria hartu eta su eman zieten Karnaingo jauretxeari eta bertan zeuden guztiei. Eta xehatu egin zuten hiria. Ezin izan zion Judasi inork ere aurre egin.

45. Judasek Galaad lurraldeko israeldar guztiak bildu zituen Judea lurraldera eramateko, txiki eta handi, emakume, seme-alaba —jendetza oso handia— eta ondasunak ere bai.

46. Bidean zihoazela, hiri handi eta indartsura, Efronera, heldu ziren. Haren erditik igaro beharra zuten nahitaez, ez baitzuten beste biderik.

47. Hango bizilagunek, ordea, eragotzi egin zieten igarotzea eta harriz itxi zituzten sarrerak.

48. Judasek bake-mezua bidali zien esanez: «Utzi zeuen lurraldean barrena igarotzen geurera joateko; inork ere ez dizue kalterik egingo, oinez igaro besterik ez dugu nahi eta». Hala ere, ez zieten sarrera ireki nahi izan.

49. Orduan, bakoitza, zegoen tokian, erasotzeko prest egoteko agindua zabaldu zuen Judasek gudarostean.

50. Gudariak erasorako prestatu zirelarik, Judasek egun eta gau osoan eraso zion hiriari, hartu zuen arte.

51. Gizaseme guztiak ezpataz hil ondoren, hiria xehatu, harrapakinak hartu eta gorpuen gainetik igaro zen hirian zehar.

52. Gero, Jordan ibaia igaro zuten, Bet-San hiriaren aurrez aurre dagoen Lautada Handian sartzeko.

53. Ibilaldi osoan, atzean geldituak bilduz eta herria suspertuz joan zen Judas, Judea lurraldera heldu ziren arte.

54. Sion mendira alai eta pozik igo eta erre-opariak eskaini zituzten, beren arteko bat ere galdu gabe onik itzuli zirelako.

Jose eta Azarias menderatuak

55. Judas eta Jonatan Galaaden zirelarik eta haien anaia Simon Galilean, Ptolemaidaren aurrez aurre,

56. gudarostearen buruzagi ziren Josek, Zakariasen semeak, eta Azariasek, haien egintza handi eta borroken berri entzunik,

57. esan zioten elkarri: «Guk ere ospetsu egin behar dugu geure izena. Eraso diezaiegun inguruetako jentilei».

58. Orduan, Jamnia hiriari erasotzeko agindu zioten beren menpe zuten gudari-taldeari.

59. Gorgias bere gizonekin hiritik atera zen, borrokari ekiteko.

60. Eta menderatu egin zituen Jose eta Azarias, eta Judeako mugetaraino pertsegitu. Israeldar gudarosteko bi mila gizon inguru galdu ziren egun hartan.

61. Judas eta beronen anaien esana aditu gabe, egintza handiak egiteko gauza zirela uste izan zutelako gertatu zitzaion gudari-taldeari hondamen hura.

62. Haiek ez ziren, ordea, Jainkoak Israel herria salbatzeko eginkizuna eman zien gizon haien kastakoak.

Judasen garaipena Idumean eta Filistean

63. Judas ausart hark eta anaiek ospe handia izan zuten Israel osoan eta haien izena entzuna zen herrialde guztietan.

64. Jende-multzo handiak biltzen zitzaizkien, beraiek txalotuz.

65. Judas, bere anaiekin, Esauren jatorriko jendearen kontra abiatu zen hegoaldeko lurraldera. Hebron hiriaz eta inguruko herrixkez jabeturik, harresiak xehatu eta su eman zien haren inguruko dorreei.

66. Ondoren, filistearren lurralderantz abiatu zen, Marisa zeharkatuz.

67. Borrokan kontuz ibili gabe, handikeriak egin nahi izan zituzten apaiz batzuk erori ziren egun hartan.

68. Gero, filistearren lurraldean zegoen Azotorantz bihurtu zen Judas; porrokatu zituen hango aldareak, jainkoen irudiei su eman eta, hirietako ondasunak hartu ondoren, Judea lurraldera itzuli zen.