Itun Zaharra

Itun Berria

1 Makabearrak 5:44-58 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

44. Juduek, ordea, hiria hartu eta su eman zieten Karnaingo jauretxeari eta bertan zeuden guztiei. Eta xehatu egin zuten hiria. Ezin izan zion Judasi inork ere aurre egin.

45. Judasek Galaad lurraldeko israeldar guztiak bildu zituen Judea lurraldera eramateko, txiki eta handi, emakume, seme-alaba —jendetza oso handia— eta ondasunak ere bai.

46. Bidean zihoazela, hiri handi eta indartsura, Efronera, heldu ziren. Haren erditik igaro beharra zuten nahitaez, ez baitzuten beste biderik.

47. Hango bizilagunek, ordea, eragotzi egin zieten igarotzea eta harriz itxi zituzten sarrerak.

48. Judasek bake-mezua bidali zien esanez: «Utzi zeuen lurraldean barrena igarotzen geurera joateko; inork ere ez dizue kalterik egingo, oinez igaro besterik ez dugu nahi eta». Hala ere, ez zieten sarrera ireki nahi izan.

49. Orduan, bakoitza, zegoen tokian, erasotzeko prest egoteko agindua zabaldu zuen Judasek gudarostean.

50. Gudariak erasorako prestatu zirelarik, Judasek egun eta gau osoan eraso zion hiriari, hartu zuen arte.

51. Gizaseme guztiak ezpataz hil ondoren, hiria xehatu, harrapakinak hartu eta gorpuen gainetik igaro zen hirian zehar.

52. Gero, Jordan ibaia igaro zuten, Bet-San hiriaren aurrez aurre dagoen Lautada Handian sartzeko.

53. Ibilaldi osoan, atzean geldituak bilduz eta herria suspertuz joan zen Judas, Judea lurraldera heldu ziren arte.

54. Sion mendira alai eta pozik igo eta erre-opariak eskaini zituzten, beren arteko bat ere galdu gabe onik itzuli zirelako.

55. Judas eta Jonatan Galaaden zirelarik eta haien anaia Simon Galilean, Ptolemaidaren aurrez aurre,

56. gudarostearen buruzagi ziren Josek, Zakariasen semeak, eta Azariasek, haien egintza handi eta borroken berri entzunik,

57. esan zioten elkarri: «Guk ere ospetsu egin behar dugu geure izena. Eraso diezaiegun inguruetako jentilei».

58. Orduan, Jamnia hiriari erasotzeko agindu zioten beren menpe zuten gudari-taldeari.

Irakurri kapitulu osoa 1 Makabearrak 5