Itun Zaharra

Itun Berria

1 Makabearrak 5:28-40 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

28. Judasek, berehala, Bosorarako bidea hartu zuen, basamortuan zehar, bere gudarostearekin. Hiriaz jabetu, gizaseme guztiak ezpataz hil eta, hiriko ondasunak hartu ondoren, su eman zion.

29. Gauez handik atera eta Datema izeneko hiri gotor ingurura joan zen.

30. Eguna argitzean, begiak jaso eta kontaezin ahalako jendetza handia ikusi zuten juduek, hiri gotor hartaz jabetzeko eskalak eta tramankuluak eraikitzen. Ordurako hasia zuten erasoa.

31. Erasoa hasia zela ikusirik eta hiritik zeruraino deiadar izugarria eta turuta-hotsa zihoazela oharturik,

32. esan zien Judasek bere gudarosteko gizonei: «Borroka zaitezte gaur zeuen senideen alde!»

33. Eta hiru lerrotan taldekaturik, etsaiaren atzealdetik hurbildu ziren, turutak joz eta otoitz-oihuak eginez.

34. Timoteoren gudari-taldeek, Makabearra zetorkiela ohartzean, ihesari eman zioten. Triskantza handia egin zien Makabearrak, egun hartan zortzi mila gizon inguru erori zirelarik.

35. Gero, Alema hirirako bidea hartu zuen Judasek. Eraso zion hiriari, hartu eta, gizaseme guztiak hil eta bertako ondasunez jabetu ondoren, su eman zion.

36. Handik abiaturik, Kasfo, Maked, Bosor eta Galaad eskualdeko beste hiriak ere hartu zituen.

37. Gertakari hauen ondoren, beste gudari-talde bat hartu eta Rafon hiriaren aurrez aurre ezarri zuen kanpalekua Timoteok, errekaz beste aldera.

38. Judasek kanpaleku hura ikertzera bidali zituen batzuk, eta berri hau ekarri zioten: «Gure inguruetako jentil guztiak bildu zaizkio Timoteori eta gudaroste izugarria eratu dute.

39. Saripean hartutako arabiarrak ere badituzte, laguntzaile. Uraz handik daude etxolatuak eta zuri erasotzera etortzeko prest». Judas etsaiei aurre egitera irten

40. eta errekara hurbildu zen bere gudarostearekin. Orduan, esan zien Timoteok bere gudarosteko buruzagiei: «Guk baino lehenago erreka igaro eta erasotzen badigu, ezin izango diogu eutsi; garaitu egingo gaitu segurki.

Irakurri kapitulu osoa 1 Makabearrak 5