Itun Zaharra

Itun Berria

1 Makabearrak 4:30-39 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

30. Gudaroste indartsu hura ikustean, otoitz hau egin zuen Judasek: «Goretsia zu, Israelen salbatzaile hori! David zeure zerbitzariaren bidez, zeuk desegin zenuen erraldoi indartsuaren oldarra, eta Saulen seme Jonatanen eta beronen ezkutariaren eskura eman filistearren gudarostea.

31. Era berean, emazu oraingo gudaroste hau ere zeure herri Israelen eskura, geldi daitezela beren oinezko eta zaldizko gudariez lotsaturik.

32. Sar iezaiezu beldurra, desegin horien indar harroa, geldi daitezela hondatuak eta deseginak.

33. Egizu, eror daitezela maite zaituztenen ezpatapean; horrela, ezagutzen zaituztenek, gorazarreak kantatuz, Jainkotzat goraipa zaitzatela».

34. Ekin zioten guduari, eta bost mila gizon inguru galdu zituen borrokan Lisiasen gudarosteak.

35. Bere gudarostearen hondamena eta Judasen gudarien ausardia ikusirik —bizitzeko nahiz adoretsu hiltzeko prest baitzeuden—, Lisiasek Antiokiara jo zuen, saripeko gudari arrotzak hartu eta indar handiagoarekin Judeara itzultzeko asmotan.

36. Judasek eta anaiek esan zuten: «Desegin ditugu etsaiak; igo gaitezen santutegiaren garbikuntza egitera eta berriro Jainkoarentzat sagaratzera».

37. Gudaroste osoa bildu eta Sion mendira igo ziren.

38. Baina santutegia inor gabe, aldarea profanatua, ateak erreak eta gelak deseginak zeudela, atarietan sasiak, edozein baso edo menditan bezala, erne zirela ikustean,

39. jantziak urratu, burura errautsa bota eta dolu handia egin zuten.

Irakurri kapitulu osoa 1 Makabearrak 4