Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16

Itun Zaharra

Itun Berria

1 Makabearrak 4 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

Emauseko gudua

1. Gorgias, bost mila gizon eta aukerako mila zaldizko berekin harturik, gauez abiatu zen,

2. eta juduen kanpalekuan sartu, ustekabean harrapatzeko asmoz. Gotorlekuko jendea zuten gidari.

3. Hori jakitean, Judas ere atera egin zen bere gudariekin, Emausen gelditzen zen errege-gudarostearen kontra oldartzeko asmotan,

4. gudari-taldeak kanpalekutik kanpora sakabanatuak ziren bitartean.

5. Gorgias, Judasen kanpalekura gauez heldu eta inor aurkitu ez zuenean, mendietan hasi zen juduen bila, bere baitan esanez: «Guregandik ihesi dabiltza horiek».

6. Egunsentian, ordea, zelaian agertu zen Judas hiru mila gizonekin; baina ez zeukaten nahi hainbat babeski eta ezpata.

7. Jentilen kanpalekua, berriz, indartsua zen, ikusten zenez; ongi gotortua eta zalditeriaz inguratua zegoen. Denak gudari trebe eta zailduak ziren.

8. Honela mintzatu zitzaien Judas berekin zituen gizonei: «Ez izan jendetza horren beldur, ez kikildu horien eraso bortitzaren aurrean.

9. Oroitu nola salbatu ziren gure arbasoak Itsaso Gorrian faraoiak bere gudarostearekin pertsegitzen zituenean.

10. Dei egin diezaiogun, beraz, Jainkoari, lagun diezagun, gure arbasoekin eginiko itunaz oroit dadin eta gudaroste hori gaur gure aurrean desegin dezan.

11. Orduan, nazio guztiek jakingo dute Israelek baduela askatzen duen norbait».

12. Begiak jaso eta juduak kontra zetozkiela ikustean, jentilak

13. kanpalekutik irten ziren borrokari ekiteko. Judasen gizonek, turutak joz,

14. guduari ekin zioten. Jentilak deseginak gertatu ziren eta lautadara egin zuten ihes.

15. Atzean geldituak, berriz, ezpataz hil zituzten denak. Gazararaino eta Idumea, Azoto eta Jamniako lautadetaraino pertsegitu zituzten. Hiru mila gizon inguru hil ziren.

16. Pertsekuzio hartatik bere gudarostearekin itzultzean,

17. Judasek esan zien: «Ez arduratu orain harrapakinez, gainean dugu-eta beste gudukatze bat.

18. Hurbil dugu Gorgias bere gudarostearekin, mendi horretan. Lehenbizi egin aurre etsaiei eta borrokatu horien kontra, gero hartuko dituzue lasai harrapakinak».

19. Judasek hizketaldia bukatu zueneko, gudari-talde bat ikusi zuten mendi-bizkarrean zelatan.

20. Etsai haiek ohartu ziren beretarrak ihesi joanak zirela eta kanpalekua sutan zegoela, oraindik ere ikus zitekeen ke-mordoak erakusten baitzuen han gertatua.

21. Hura ikusteak beldurrez jota utzi zituen. Gainera, Judasen gudarostea lautadan gudurako prest begiztatzean,

22. filistearren herrialdera egin zuten denek ihes.

23. Orduan, Judas kanpalekura itzuli zen harrapakinak hartzera. Urre eta zilar asko, purpura morez eta gorriz tindaturiko oihalak eta beste ondasun ugari bildu zituzten.

24. Itzultzerakoan, Jainkoa goraipatuz eta goretsiz zetozen, «ona baita, haren maitasuna betikoa baita» esanez.

25. Egun hartan Israelek garaipen handia lortu zuen.

Israeldarrek Lisiasen gudarostea garaitu

26. Ihes egin ahal izan zuten jentilek Lisiasengana joan eta gertatuaren berri eman zioten.

27. Entzutean, larritua eta lur joa gelditu zen, Israeli ez baitzitzaion berak nahi zuena gertatu eta gauzak ez baitzitzaizkion erregeak agindu bezala atera.

28. Hurrengo urtean, aukerako hirurogei mila gizon eta bost mila zaldizko bildu zituen Lisiasek juduen kontra joateko.

29. Idumeara jo zuten eta Bet-Surren ezarri kanpalekua. Judas hamar mila gizonekin joan zitzaion aurre egitera.

30. Gudaroste indartsu hura ikustean, otoitz hau egin zuen Judasek: «Goretsia zu, Israelen salbatzaile hori! David zeure zerbitzariaren bidez, zeuk desegin zenuen erraldoi indartsuaren oldarra, eta Saulen seme Jonatanen eta beronen ezkutariaren eskura eman filistearren gudarostea.

31. Era berean, emazu oraingo gudaroste hau ere zeure herri Israelen eskura, geldi daitezela beren oinezko eta zaldizko gudariez lotsaturik.

32. Sar iezaiezu beldurra, desegin horien indar harroa, geldi daitezela hondatuak eta deseginak.

33. Egizu, eror daitezela maite zaituztenen ezpatapean; horrela, ezagutzen zaituztenek, gorazarreak kantatuz, Jainkotzat goraipa zaitzatela».

34. Ekin zioten guduari, eta bost mila gizon inguru galdu zituen borrokan Lisiasen gudarosteak.

35. Bere gudarostearen hondamena eta Judasen gudarien ausardia ikusirik —bizitzeko nahiz adoretsu hiltzeko prest baitzeuden—, Lisiasek Antiokiara jo zuen, saripeko gudari arrotzak hartu eta indar handiagoarekin Judeara itzultzeko asmotan.

Tenplua berriro sagaratu

36. Judasek eta anaiek esan zuten: «Desegin ditugu etsaiak; igo gaitezen santutegiaren garbikuntza egitera eta berriro Jainkoarentzat sagaratzera».

37. Gudaroste osoa bildu eta Sion mendira igo ziren.

38. Baina santutegia inor gabe, aldarea profanatua, ateak erreak eta gelak deseginak zeudela, atarietan sasiak, edozein baso edo menditan bezala, erne zirela ikustean,

39. jantziak urratu, burura errautsa bota eta dolu handia egin zuten.

40. Gero, lurrean ahuspeztu eta, turutek seinalea ematean, deiadar egin zioten Jainkoari.

41. Santutegiaren garbikuntza egin arte, gotorlekukoen aurka borrokatzeko agindua eman zien Judasek bere gizonei.

42. Gero, akatsik gabeko apaizak, legezale zirenak, aukeratu zituen;

43. haiek santutegiaren garbikuntza egin zuten eta harri kutsagarriak toki lohi batera eraman.

44. Profanatua zegoen erre-oparietarako aldarearekin zer egin eztabaidatu zuten.

45. Iritzi onez, aldarea desegitea erabaki zuten; horrela, ez zitzaien lotsagarri gertatuko, jentilek profanatua baitzen. Desegin zuten, beraz, aldarea,

46. eta tenplua zegoeneko mendian, toki berezi batean, utzi zituzten harriak, berauekin zer egin esango zuen profetaren bat agertu arte.

47. Ondoren, legeak agintzen duenaren arabera, landu gabeko harriak hartu eta lehengoa bezalako aldarea eraiki zuten.

48. Santutegia eta tenplu barrua konpondu eta atariak sagaratu zituzten.

49. Tresna sakratu berriak ere egin zituzten, eta tenplu barruan argimutila, intsentsua erretzeko aldarea eta mahaia jarri.

50. Gero, aldare gainean intsentsua erre, eta izeki zituzten argimutileko kriseiluak, tenpluan argi egin zezaten.

51. Jainkoari eskainiriko ogiak mahaian ezarri eta oihalak eseki zituzten. Horrela bukatu zuten hasitako lana.

52. Seleukotarren agintealdiko ehun eta berrogeita zortzigarren urteko bederatzigarren hilaren, hau da, Kisleu hilaren, hogeita bostean, egunsentian jaiki

53. eta sakrifizioa eskaini zuten legearen arabera, egin berria zuten erre-oparietarako aldarean.

54. Kantu artean, zitara, harpa eta txilinak joz, inauguratu zuten tenplua, hiru urte lehenago jentilek profanatua zuteneko egun berean, hain zuzen.

55. Herri osoak, lurreraino ahuspezturik, goretsi egin zuen beraien asmoak ongi burutzea eman zien Jainkoa.

56. Zortzi egunez ospatu zuten aldarearen sagaratzea, eta erre-opariak eskaini zituzten bozkarioz, baita elkartasun-opariak eta esker oneko opariak ere.

57. Urrezko koroaz eta babeski txikiz apaindu zuten tenpluaren aurrea, sarrerak eta gelak konpondu eta ateak ipini zizkieten.

58. Herria biziki poztu zen, eta jentilek eginiko nardagarrikeria ezabatua gelditu zen.

59. Aldarea sagaratzearen urteurrena bere garaian, Kisleu hilaren hogeita bostetik aurrera, zortzi egunez alai eta pozik urtero ospatzea erabaki zuen Judasek, anaiekin eta israeldarren biltzar osoarekin batera.

60. Aldi hartan, Sion mendiaren inguruan harresi garaiak eta dorre sendoak eraiki zituzten, jentilek lehen bezala leku haiek zapal ez zitzaten.

61. Gudari-taldea ipini zuen bertan Judasek, zaindari. Eta Bet-Sur ere gotortu zuen, herriak idumearren aurrez aurre gotorlekua izan zezan.