Itun Zaharra

Itun Berria

1 Makabearrak 4:16-30 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

16. Pertsekuzio hartatik bere gudarostearekin itzultzean,

17. Judasek esan zien: «Ez arduratu orain harrapakinez, gainean dugu-eta beste gudukatze bat.

18. Hurbil dugu Gorgias bere gudarostearekin, mendi horretan. Lehenbizi egin aurre etsaiei eta borrokatu horien kontra, gero hartuko dituzue lasai harrapakinak».

19. Judasek hizketaldia bukatu zueneko, gudari-talde bat ikusi zuten mendi-bizkarrean zelatan.

20. Etsai haiek ohartu ziren beretarrak ihesi joanak zirela eta kanpalekua sutan zegoela, oraindik ere ikus zitekeen ke-mordoak erakusten baitzuen han gertatua.

21. Hura ikusteak beldurrez jota utzi zituen. Gainera, Judasen gudarostea lautadan gudurako prest begiztatzean,

22. filistearren herrialdera egin zuten denek ihes.

23. Orduan, Judas kanpalekura itzuli zen harrapakinak hartzera. Urre eta zilar asko, purpura morez eta gorriz tindaturiko oihalak eta beste ondasun ugari bildu zituzten.

24. Itzultzerakoan, Jainkoa goraipatuz eta goretsiz zetozen, «ona baita, haren maitasuna betikoa baita» esanez.

25. Egun hartan Israelek garaipen handia lortu zuen.

26. Ihes egin ahal izan zuten jentilek Lisiasengana joan eta gertatuaren berri eman zioten.

27. Entzutean, larritua eta lur joa gelditu zen, Israeli ez baitzitzaion berak nahi zuena gertatu eta gauzak ez baitzitzaizkion erregeak agindu bezala atera.

28. Hurrengo urtean, aukerako hirurogei mila gizon eta bost mila zaldizko bildu zituen Lisiasek juduen kontra joateko.

29. Idumeara jo zuten eta Bet-Surren ezarri kanpalekua. Judas hamar mila gizonekin joan zitzaion aurre egitera.

30. Gudaroste indartsu hura ikustean, otoitz hau egin zuen Judasek: «Goretsia zu, Israelen salbatzaile hori! David zeure zerbitzariaren bidez, zeuk desegin zenuen erraldoi indartsuaren oldarra, eta Saulen seme Jonatanen eta beronen ezkutariaren eskura eman filistearren gudarostea.

Irakurri kapitulu osoa 1 Makabearrak 4