Itun Zaharra

Itun Berria

1 Makabearrak 3:42-60 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

42. Ohartu ziren Judas eta anaiak egoera geroz eta larriagoa zela, etsaien gudarostea beren lurraldean zutenez gero. Jakin zuten, orobat, herria erabat deuseztatzeko agindua emana zuela erregeak.

43. Eta esan zioten elkarri: «Jaikiaraz dezagun lur joa dagoen geure herria, eta borroka gaitezen geure herri eta santutegiaren alde!»

44. Orduan, batzarra bildu zuten, gudurako prestatu eta otoitz egin, eta Jainkoari gupida eta errukia eskatzeko.

45. Jerusalem toki bakartibihurtua zegoen,bertako seme-alabarik bat ereez zen sartzen, ez ateratzen.Santutegia profanatua zegoen,gotorlekua arrotzek hartua,jentilak bizi ziren bertan.Galdua zutenJakoben ondorengoek poza,isilik zeuden txirula eta harpa.

46. Horrela, bada, bildu eta Jerusalemen aurrez aurre dagoen Masfara joan ziren juduak, antzina ere Masfan otoizlekua egona baitzen israeldarrentzat.

47. Egun hartan barau egin zuten, dolu-jantzia hartu, burura errautsa bota eta urratu egin zituzten beren soinekoak.

48. Jentilek sasijainkoen irudiei kontsulta egin ohi dieten bezala, juduek lege-liburua zabaldu zuten, Jainkoaren nahia irakurtzeko.

49. Ekarri zituzten apaiz-jantziak, hasikinak eta hamarrenak, eta etorrarazi zituzten promesaldia burutua zuten nazireuak.

50. Eta oihu egin zioten Jainkoari, esanez: «Zer egin behar dugu hauekin? Nora eraman behar ditugu?

51. Izan ere, zure santutegia zapaldua eta profanatua dago, apaizak atsekabetuak eta apalduak,

52. eta jentilak gu suntsitzeko elkartu dira. Badakizu zein asmo duten gure kontra.

53. Nola egin diezaiekegu aurre, zuk laguntzen ez badiguzu?»

54. Orduan, turutak jo eta deiadar handia egin zuten.

55. Ondoren, gudarosteko buruzagiak izendatu zituen Judasek: mila, ehun, berrogeita hamar eta hamarna gizoneko taldeburuak.

56. Beren etxea eraikitzen ari zirenak, ezkonberriak, mahastia landatzen ari zirenak eta koldarrak etxera itzularazi zituen, legeak agindu bezala.

57. Gero, abiatu eta Emausetik hegoaldera ezarri zuten kanpalekua.

58. Judasek esan zuen: «Har itzazue armak, izan ausart eta egon prest, gu eta gure santutegia desegiteko elkartu diren jentil-herri horiei bihar egunsentian erasotzeko.

59. Hobe dugu borrokan hil, gure herriaren eta santutegiaren hondamendia ikusi baino.

60. Jainkoak nahi duena izan dadila».

Irakurri kapitulu osoa 1 Makabearrak 3