Itun Zaharra

Itun Berria

1 Makabearrak 3:38-53 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

38. Erregearen adiskideen artean gizon boteretsu ziren Dorimenoren seme Ptolomeo, Nikanor eta Gorgias aukeratu zituen Lisiasek,

39. eta Judea herrialdea hartu eta birrintzera bidali, berrogei mila gudari oinezko eta zazpi mila zaldizkorekin, erregeak agindu bezala.

40. Beren gudarostearekin abiatu eta Emaus ingurura heldurik, hemengo lautadan ezarri zituzten oihal-etxolak.

41. Eskualde hartako merkatariak, haien berri entzutean, zilar eta urre ugari eta girgiluak harturik, kanpalekura joan ziren, israeldarrak esklabo erosteko asmotan. Siriar eta filistear multzoak ere bildu zitzaizkien.

42. Ohartu ziren Judas eta anaiak egoera geroz eta larriagoa zela, etsaien gudarostea beren lurraldean zutenez gero. Jakin zuten, orobat, herria erabat deuseztatzeko agindua emana zuela erregeak.

43. Eta esan zioten elkarri: «Jaikiaraz dezagun lur joa dagoen geure herria, eta borroka gaitezen geure herri eta santutegiaren alde!»

44. Orduan, batzarra bildu zuten, gudurako prestatu eta otoitz egin, eta Jainkoari gupida eta errukia eskatzeko.

45. Jerusalem toki bakartibihurtua zegoen,bertako seme-alabarik bat ereez zen sartzen, ez ateratzen.Santutegia profanatua zegoen,gotorlekua arrotzek hartua,jentilak bizi ziren bertan.Galdua zutenJakoben ondorengoek poza,isilik zeuden txirula eta harpa.

46. Horrela, bada, bildu eta Jerusalemen aurrez aurre dagoen Masfara joan ziren juduak, antzina ere Masfan otoizlekua egona baitzen israeldarrentzat.

47. Egun hartan barau egin zuten, dolu-jantzia hartu, burura errautsa bota eta urratu egin zituzten beren soinekoak.

48. Jentilek sasijainkoen irudiei kontsulta egin ohi dieten bezala, juduek lege-liburua zabaldu zuten, Jainkoaren nahia irakurtzeko.

49. Ekarri zituzten apaiz-jantziak, hasikinak eta hamarrenak, eta etorrarazi zituzten promesaldia burutua zuten nazireuak.

50. Eta oihu egin zioten Jainkoari, esanez: «Zer egin behar dugu hauekin? Nora eraman behar ditugu?

51. Izan ere, zure santutegia zapaldua eta profanatua dago, apaizak atsekabetuak eta apalduak,

52. eta jentilak gu suntsitzeko elkartu dira. Badakizu zein asmo duten gure kontra.

53. Nola egin diezaiekegu aurre, zuk laguntzen ez badiguzu?»

Irakurri kapitulu osoa 1 Makabearrak 3