Itun Zaharra

Itun Berria

1 Makabearrak 3:31-41 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

31. Herstura larri hartan, Pertsiara joan eta, hango eskualdeetako zergak bilduz, diru asko eskuratzea erabaki zuen.

32. Eufrates ibaitik Egiptoko mugak arteko lurraldean Lisias utzi zuen errege-arazoen arduradun nagusi; handikietakoa zen Lisias eta errege-jatorrikoa.

33. Bere seme Antiokoren heziketaz ere arduratzeko agindu zion, bera etorri arte.

34. Gudarostearen erdia eta elefante-taldea utzi zizkion, beraren erabaki guztiak betetzeko aginduz. Judea eta Jerusalemgo bizilagunen kontra

35. gudaroste handia bidali behar zuen, Israelgo indarrak eta Jerusalemen gelditzen zirenak apurtu eta deuseztatzera, herrialde hartan beraien oroitzapena ere ezabatzeraino.

36. Gero, jende arrotza kokarazi behar zuen juduen lurraldean, honetaz jabe zitezen.

37. Antioko erregea bera, gudarostearen beste erdia harturik, erreinuko hiriburu zen Antiokiatik abiatu zen, ehun eta berrogeita zazpigarren urtean. Eufrates ibaia igaro eta goi-lautadako eskualdeetan barrena ibili zen.

38. Erregearen adiskideen artean gizon boteretsu ziren Dorimenoren seme Ptolomeo, Nikanor eta Gorgias aukeratu zituen Lisiasek,

39. eta Judea herrialdea hartu eta birrintzera bidali, berrogei mila gudari oinezko eta zazpi mila zaldizkorekin, erregeak agindu bezala.

40. Beren gudarostearekin abiatu eta Emaus ingurura heldurik, hemengo lautadan ezarri zituzten oihal-etxolak.

41. Eskualde hartako merkatariak, haien berri entzutean, zilar eta urre ugari eta girgiluak harturik, kanpalekura joan ziren, israeldarrak esklabo erosteko asmotan. Siriar eta filistear multzoak ere bildu zitzaizkien.

Irakurri kapitulu osoa 1 Makabearrak 3