Itun Zaharra

Itun Berria

1 Makabearrak 3:17-32 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

17. Hauek, nolako gudarostea zetorkien ikustean, esan zioten Judasi:—Nola borrokatuko gara gu, honen gutxi izanik, horrelako jendetza handi eta indartsuaren kontra? Gainera, oso ahulduak gaude, baraurik baikaude egun osoan.

18. Judasek ihardetsi zien:—Erraz eror daiteke jendetza handia gutxi batzuen esku. Berdin baitio Jainkoari askoren nahiz gutxiren bidez salbatu.

19. Borrokan garaipena ez du gudaroste handia izateak ematen, zerutik datorren indarrak baizik.

20. Harrokeriaz eta maltzurkeriaz gainezka datozkigu, gu, gure emazteak eta haurrak hondatu eta gure ondasunez jabetzeko asmoz.

21. Gu, aldiz, geure bizia eta ohiturak defendatzeko borrokatzen gara.

22. Jainkoak hondatuko ditu gure aurrean. Ez izan horien beldur.

23. Hitz egiten bukatu orduko, ekin zion Judasek ustekabean etsaien kontra eta menderatu egin zituen Seron eta beronen gudarostea,

24. eta beraien ondoren joan zen Bet-Horongo maldan behera, lautadaraino. Zortziehun etsai inguru hil ziren; gainerakoek ihes egin zuten filistearren lurraldera.

25. Inguru haietako jentilak Judasi eta beronen anaiei beldurra hartzen hasi ziren.

26. Antioko erregeaganaino heldu zen haren izena, eta herri guztietan mintzatzen ziren Judasen guduez.

27. Horren guztiaren berri izatean, haserre biziz suturik, bere erreinuko indar guztiak bildu eta gudaroste arras indartsua antolatzeko agindu zuen Antiokok.

28. Bere altxortegia ireki eta urte beteko soldata eman zien gudariei, edozertarako prest egoteko aginduz.

29. Ohartu zen, ordea, altxortegian dirurik ez zela gelditzen eta eskualde hartako zergak murritzak zirela. Antzinatik zetozen legeak deuseztatzean, erregeak berak herrialde hari erakarritako istilu eta hondamendiagatik gertatu zen hori.

30. Beldur zen erregea ez ote zuen aski izango, ordu arte hain eskuzabal, bere aurrekoek baino askoz ere esku zabalago, egin ohi zituen gastuak eta emaitzak ordaintzeko.

31. Herstura larri hartan, Pertsiara joan eta, hango eskualdeetako zergak bilduz, diru asko eskuratzea erabaki zuen.

32. Eufrates ibaitik Egiptoko mugak arteko lurraldean Lisias utzi zuen errege-arazoen arduradun nagusi; handikietakoa zen Lisias eta errege-jatorrikoa.

Irakurri kapitulu osoa 1 Makabearrak 3