Itun Zaharra

Itun Berria

1 Makabearrak 14:27-45 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

27. Hona hemen idazkunak zioena: «Ehun eta hirurogeita hamabigarren urteko Elul hilaren hemezortzian, Simon apaiz nagusi handiaren hirugarren urtean, Asaramel-en,

28. apaizak, herria, herriko buruzagiak eta arduradunak batzarturik zeudela, honako hau adierazi ziguten:

29. Gudukatze asko izan da lurralde honetan. Horietan guztietan, Matatiasen seme eta Joiarib apaizaren ondorengoetarikoa den Simonek eta senideek beren buruak arriskatu dituzte. Santutegiari eta legeari eustearren, aurre egin diete beren herriaren etsaiei. Horrela, ospe handia ekarri diote beren herriari.

30. Jonatanek batasuna eman zion herriari eta apaiz nagusi izatera heldu zen, hil arte.

31. Juduen etsaiek herrialdea hartu nahi izan zuten, dena errausteko eta santutegian lapurretak egiteko.

32. Baina, orduan, Simon jaiki zen bere herriaren alde borrokatzera. Bere ondasunetarik asko eralgi zuen herri-gudarostea armatzen eta gudari-saria ematen.

33. Judeako hiriak gotortu egin zituen, baita mugan dagoen Bet-Sur ere. Hiri hau lehen etsaien menpe egona zen, baina gero gudari-talde judua ezarri zuen Simonek bertan.

34. Itsasertzean dagoen Jope eta Azoto ondoan dagoen Gazara hiriak ere gotortu zituen. Azken honetan, lehen, etsaiak bizi ziren; baina Simonek juduak kokarazi zituen eta bizitzeko behar zuten guztiaz hornitu.

35. Simon zein leial zen eta nazioa goratzen nola saiatzen zen ikusirik, herriak buruzagi eta apaiz nagusi izendatu zuen. Horrela, eginiko lan guztiak, herriarentzat izaniko zuzentasuna eta leialtasuna eta herria goratzeko etengabe eginiko ahalegina eskertu nahi izan zizkioten.

36. Simonen egunetan lortu zuten arrotzak lurraldetik botatzea, baita Jerusalemen, Daviden Hirian, zeudenak ere. Hauek gotorlekua egina zuten eta bertatik irteerak egin ohi zituzten, santutegiaren inguruak kutsatzera eta beraren santutasuna iraintzera.

37. Gudari juduak ezarri zituen Simonek gotorleku hartan eta sendotu egin zuen, hiria eta herrialdea zaintzeko; Jerusalemgo harresiak ere handiago egin zituen.

38. Honen guztiaren ondoren, Demetrio erregeak sendotu egin zuen Simon apaiz nagusi bezala,

39. bere adiskideen artean hartu eta ohorez bete.

40. Izan ere, jakin zuen Demetriok juduei adiskide, gudalagun eta senide esaten zietela erromatarrek, eta ohorez hartuak zituztela Simonen mandatariak.

41. Jakin zuen, orobat, juduei eta apaizei ongi iruditu zitzaiela Simon betiko buruzagi eta apaiz nagusi izendatzea, harik eta profeta fidagarriren bat agertu arte,

42. eta horregatik zutela gudalburu eta santutegiaren arduradun izendatua. Simonek izendatuko zituen santutegiko langile-buruak, herrialdeko administrazio-arduradunak, baita gudarostearen eta gotorlekuen arduradunak ere.

43. Denek egin behar zuten haren esana, haren izenean idatzi behar ziren herrialdeko agiri guztiak. Simon bera purpuraz jantziko zen eta urrezko bitxiz apainduko.

44. Inork ere, herritar nahiz apaiz, ezin izango du baztertu erabaki hauetarik bat ere, ez hark emaniko aginduei kontra egin, ez eta haren baimenik gabe biltzarrik egin, ez purpuraz jantzi edota urrezko orrazirik eraman ere.

45. Norbaitek erabaki hauek baztertzen nahiz hausten baditu, errudun izanen da.

Irakurri kapitulu osoa 1 Makabearrak 14