Itun Zaharra

Itun Berria

1 Makabearrak 14:20-32 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

20. Hona hemen espartarrek bidalitakoaren kopia: «Espartarren hiriak eta bertako agintariek Simon apaiz nagusiari, herri-arduradunei eta gainerako juduei, beren senideei, agur!

21. Gure herrira bidali dituzuen mezulariek adierazi digute zein ospetsu eta ohoragarri zareten. Poz handia eman zigun mezulari horiek etortzeak.

22. Herriko agirien artean sartu dugu haiek ekarritako txostena, honela dioena: “Juduen mandatari diren Numenio, Antiokoren semea, eta Antipatro, Jasonen semea, etorri zaizkigu, gurekin duzuen hitzarmena berritzera.

23. Gure herriari egoki iruditu zaio mandatari hauek ohorez hartzea eta horien mezua hiriko agirien artean sartzea, Espartako herriak horien oroitzapena izan dezan”. Agiri honen kopia atera dugu Simon apaiz nagusiarentzat».

24. Hauen guztien ondoren, Simonek Erromara bidali zuen Numenio, seiehun kilo pisatzen zuen urrezko babeski handi batekin, erromatarrekin ere hitzarmena berritzeko.

25. Judu-herriak, horren guztiaren berri izan zuelarik, galdetzen zuen: «Nola eskertuko diegu Simoni eta beronen semeei?

26. Izan ere, bera, beraren anaiak eta aitaren senitartea ausarki borrokatu dira Israelen etsaien aurka, eta askatasuna ekarri diote». Eta, idazkun bat brontzezko oholetan grabaturik, Sion mendian ezarri zuten zutabe batzuetan.

27. Hona hemen idazkunak zioena: «Ehun eta hirurogeita hamabigarren urteko Elul hilaren hemezortzian, Simon apaiz nagusi handiaren hirugarren urtean, Asaramel-en,

28. apaizak, herria, herriko buruzagiak eta arduradunak batzarturik zeudela, honako hau adierazi ziguten:

29. Gudukatze asko izan da lurralde honetan. Horietan guztietan, Matatiasen seme eta Joiarib apaizaren ondorengoetarikoa den Simonek eta senideek beren buruak arriskatu dituzte. Santutegiari eta legeari eustearren, aurre egin diete beren herriaren etsaiei. Horrela, ospe handia ekarri diote beren herriari.

30. Jonatanek batasuna eman zion herriari eta apaiz nagusi izatera heldu zen, hil arte.

31. Juduen etsaiek herrialdea hartu nahi izan zuten, dena errausteko eta santutegian lapurretak egiteko.

32. Baina, orduan, Simon jaiki zen bere herriaren alde borrokatzera. Bere ondasunetarik asko eralgi zuen herri-gudarostea armatzen eta gudari-saria ematen.

Irakurri kapitulu osoa 1 Makabearrak 14