Itun Zaharra

Itun Berria

1 Makabearrak 12:7-21 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

7. Lehen ere idatzi zion zuen errege Areios-ek gutun bat Onias apaiz nagusiari, gure senide zinetela esanez. Hala ikus daiteke gutun honekin batera bidaltzen dizuegun kopian.

8. Oniasek ongietorri handia egin zion zuen mezulariari, eta gudalagun izateaz eta adiskidetasunaz argi eta garbi mintzo zen gutuna ere hartu zuen.

9. Guk ez dugu halako hitzarmenen beharrik, geure liburu santuek indartzen baikaituzte.

10. Hala ere, zuei mandatariak bidaltzen saiatu gara, zuekin ditugun senidetasuna eta adiskidetasuna berritzeko, zuentzat arrotz gerta ez gaitezen. Izan ere, denbora asko da idatzi zenigutela.

11. Gu, geure aldetik, etengabe oroitzen gara zuetaz, jai eta beste egun jakinetan egin ohi ditugun opari-eskaintza eta otoitzetan. Izan ere, egoki da eta zuzen senideez oroitzea.

12. Pozten gara zuek ospetsu izateaz.

13. Gu, berriz, atsekabe eta gerra artean gabiltza, inguruetako erregeek eraso egin baitigute.

14. Baina borroka hauekin ez zaituztegu gogaitu nahi izan, ez zuek, ez gainerako gudalagunak eta adiskideak.

15. Izan ere, Jainkoarengandik datorkigu laguntza; berak libratu gaitu etsai guztiengandik, eta berauek menderatuak gertatu dira.

16. Orain, Antiokoren seme Numenio eta Jasonen seme Antipatro aukeratu eta erromatarrengana igorri ditugu, beraiekin lehendik genituen adiskidetasuna eta gudalagun izateko hitzarmena berritzera.

17. Zuengana ere joateko agindu diegu, zuei agur egitera eta gutun hau ematera, berritu egin nahi baitugu zuekiko senidetasuna.

18. Erantzun, mesedez, gutun honi».

19. Hona hemen Oniasi bidalitako gutunaren kopia:

20. «Areios-ek, espartarren erregeak, Onias apaiz nagusiari, agur!

21. Aurkitu dugun agiri batek dio, espartarrak eta juduak senide direla eta Abrahamen jatorrikoak.

Irakurri kapitulu osoa 1 Makabearrak 12