Itun Zaharra

Itun Berria

1 Makabearrak 12:43-53 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

43. eta ohore handiz hartu zuen, bere adiskide guztiei aurkeztuz eta esku-erakutsiak eskainiz.

44. Gero, esan zion Jonatani: «Zergatik nekarazi duzu jende hau guztia, geure artean inolako gerrarik ez dugularik?

45. Bidal itzazu beren etxeetara, aukeratu gizon batzuk zuri lagun egiteko eta zatoz nirekin Ptolemaidara. Hiri hori, gainerako gotorlekuak, bertako gudari-taldea eta funtzionarioak emango dizkizut. Gero, ni joan egingo naiz, horretarako etorria naiz eta».

46. Sinetsi egin zion Jonatanek Trifoni eta, honek esan bezala, bidali egin zuen gudarostea Judeara,

47. berari lagun egiteko hiru mila gizon hartu ondoren. Hauetarik bi mila Galilean utzi zituen eta beste milarekin joan zen bera Ptolemaidara.

48. Baina Jonatan hirian sartu bezain agudo, hiritarrek ateak itxi, Jonatan harrapatu eta beronekin sartu ziren guztiak ezpataz hil zituzten.

49. Gero, Trifonek gudari-talde batzuk eta zalditeria bidali zituen Galileara eta Lautada Handira, Jonatanen aldekoak hondatzera.

50. Juduek, ordea, Jonatan eta beronekin zirenak harrapatu eta hil egin zituztela jakitean, elkar adoretu zuten eta lerro itxitan aurrera egin, borrokarako prest.

51. Juduak beren biziaren alde borrokatzeko prest zetozela ikusirik, erasotzaileek atzera egin zuten.

52. Horrela, judu-gudariak onik heldu ziren Judeara. Dolu egin zuten Jonatan eta beronen lagunengatik, eta beldur handiak hartu zituen denak. Israel osoak egin zuen dolu handia.

53. Orduan, inguruetako herri guztiek juduak suntsitu nahi izan zituzten. Hau zioten: «Ez dute buruzagirik, ez laguntzailerik, eraso diezaiegun, beraz, eta desagerrarazi horien oroitzapena jende artetik!»

Irakurri kapitulu osoa 1 Makabearrak 12