Itun Zaharra

Itun Berria

1 Makabearrak 12:1-11 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

1. Egokiera ona zuela ikusirik, gizon batzuk hautatu eta Erromara bidali zituen Jonatanek, erromatarrekin zuten adiskidetasuna berretsi eta berritzera.

2. Esparta eta beste zenbait hiritara ere adiskidetasun-gutunak bidali zituen.

3. Jonatanen mezulariek, Erromara heldu eta legebiltzarraren aurrera joanik, esan zuten: «Jonatan apaiz nagusiak eta judu-herriak bidali gaituzte, lehendik beraiekin dituzuen adiskidetasuna eta gudalagun izateko hitzarmena berritzera».

4. Legebiltzarrekoek agiri bat eman zieten mezulari haiei, igaro behar zituzten herrialdeetako agintarientzat, Judeara bakean itzul zitezen.

5. Hona hemen Jonatanek Espartakoei idatzi zien gutunaren kopia:

6. «Jonatan apaiz nagusiak, herri-arduradunek, apaizek eta gainerako juduek Espartako beren senideei, agur!

7. Lehen ere idatzi zion zuen errege Areios-ek gutun bat Onias apaiz nagusiari, gure senide zinetela esanez. Hala ikus daiteke gutun honekin batera bidaltzen dizuegun kopian.

8. Oniasek ongietorri handia egin zion zuen mezulariari, eta gudalagun izateaz eta adiskidetasunaz argi eta garbi mintzo zen gutuna ere hartu zuen.

9. Guk ez dugu halako hitzarmenen beharrik, geure liburu santuek indartzen baikaituzte.

10. Hala ere, zuei mandatariak bidaltzen saiatu gara, zuekin ditugun senidetasuna eta adiskidetasuna berritzeko, zuentzat arrotz gerta ez gaitezen. Izan ere, denbora asko da idatzi zenigutela.

11. Gu, geure aldetik, etengabe oroitzen gara zuetaz, jai eta beste egun jakinetan egin ohi ditugun opari-eskaintza eta otoitzetan. Izan ere, egoki da eta zuzen senideez oroitzea.

Irakurri kapitulu osoa 1 Makabearrak 12