Itun Zaharra

Itun Berria

1 Erregeak 6:3-17 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

3. Tenpluko sala handiaren aurreko atalondoa hamar metro zabal zen —tenpluaren zabalera bera—, eta bost metro luze tenplu barnerantz.

4. Saredun leihoak eginarazi zituen Salomonek tenplurako.

5. Tenpluaren inguru guztian, sala handiaren eta santutegiaren hormei atxikia, eraikuntza bat egin zuen, hiru solairukoa.

6. Beheko solairua bi metro eta erdi zabal zen, erdikoa hiru metro eta hirugarrena hiru metro eta erdi. Solairu bakoitzean tenpluko horma kanpoaldetik meheagoa zen, maila moduko batzuk eginez, eta maila hauen gainean ezarri zituzten habeak, tenpluko hormak zulatu beharrik gabe.

7. Jaunaren etxea eraikitzeko, harrobian bertan landuriko harriak ezarri zituzten; horrela, ez zen mailu, pikatxoi edota burdinazko beste tresna-hotsik entzun tenplua eraikitzean.

8. Erdiko solairurako sarrera tenpluaren eskuinaldeko saihetsean zegoen; eskailera biribil batetik igo zitekeen erdiko solairura eta hemendik gorenekora.

9. Tenplua eraikitzen bukatu zutenean, sabaia zedrozko habez eta oholez jantzi zuen.

10. Tenpluari inguru guztian erantsi zion eraikuntza hartako solairu bakoitzak bi metro eta erdiko altuera zuen; zedrozko habez zeuden tenpluko hormari atxikiak.

11. Orduan, honela mintzatu zitzaion Jauna Salomoni:

12. «Etxe hau egiten ari zatzaizkit. Hara, nire legeei dagokienez ibiltzen bazara, nire erabakiak bete eta nire aginduak gordetzen badituzu, beraiei dagokienez jokatuz, beteko dizut zuen aita Davidi eman nion hitza.

13. Israeldarren artean biziko naiz eta ez dut utziko Israel neure herria».

14. Salomonek, Jaunaren etxea eraikitzen bukatu zuenean,

15. zedrozko oholez estali zituen tenplu barneko hormak, behetik hasi eta goiko habeetaraino, barne osoa zurez jantziz. Tenpluaren behea zipres-oholez estali zuen.

16. Tenpluaren barneneko azken hamar metroak, berriz, zedrozko oholez estali zituen, behetik hasi eta goiko habeetaraino, eta toki hori santutegia, hots, toki santu-santua, izateko antolatu zuen.

17. Santutegi honen aurreko sala handia hogei metro luze zen.

Irakurri kapitulu osoa 1 Erregeak 6