Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21
  22. 22

Itun Zaharra

Itun Berria

1 Erregeak 6 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

Tenpluaren eraikuntza

1. Israeldarrak Egiptotik irten eta handik laurehun eta laurogei urtera, Salomonek Israelgo erregetzan lau urte zeramatzala, bigarren hilabetean, Zib hilean, hasi zen Salomon Jaunaren etxea eraikitzen.

2. Salomonek Jaunari eraiki zion etxe hura hogeita hamar metro zen luze, hamar metro zabal eta hamabost metro gora.

3. Tenpluko sala handiaren aurreko atalondoa hamar metro zabal zen —tenpluaren zabalera bera—, eta bost metro luze tenplu barnerantz.

4. Saredun leihoak eginarazi zituen Salomonek tenplurako.

5. Tenpluaren inguru guztian, sala handiaren eta santutegiaren hormei atxikia, eraikuntza bat egin zuen, hiru solairukoa.

6. Beheko solairua bi metro eta erdi zabal zen, erdikoa hiru metro eta hirugarrena hiru metro eta erdi. Solairu bakoitzean tenpluko horma kanpoaldetik meheagoa zen, maila moduko batzuk eginez, eta maila hauen gainean ezarri zituzten habeak, tenpluko hormak zulatu beharrik gabe.

7. Jaunaren etxea eraikitzeko, harrobian bertan landuriko harriak ezarri zituzten; horrela, ez zen mailu, pikatxoi edota burdinazko beste tresna-hotsik entzun tenplua eraikitzean.

8. Erdiko solairurako sarrera tenpluaren eskuinaldeko saihetsean zegoen; eskailera biribil batetik igo zitekeen erdiko solairura eta hemendik gorenekora.

9. Tenplua eraikitzen bukatu zutenean, sabaia zedrozko habez eta oholez jantzi zuen.

10. Tenpluari inguru guztian erantsi zion eraikuntza hartako solairu bakoitzak bi metro eta erdiko altuera zuen; zedrozko habez zeuden tenpluko hormari atxikiak.

11. Orduan, honela mintzatu zitzaion Jauna Salomoni:

12. «Etxe hau egiten ari zatzaizkit. Hara, nire legeei dagokienez ibiltzen bazara, nire erabakiak bete eta nire aginduak gordetzen badituzu, beraiei dagokienez jokatuz, beteko dizut zuen aita Davidi eman nion hitza.

13. Israeldarren artean biziko naiz eta ez dut utziko Israel neure herria».

Jaunaren etxe-barrua

14. Salomonek, Jaunaren etxea eraikitzen bukatu zuenean,

15. zedrozko oholez estali zituen tenplu barneko hormak, behetik hasi eta goiko habeetaraino, barne osoa zurez jantziz. Tenpluaren behea zipres-oholez estali zuen.

16. Tenpluaren barneneko azken hamar metroak, berriz, zedrozko oholez estali zituen, behetik hasi eta goiko habeetaraino, eta toki hori santutegia, hots, toki santu-santua, izateko antolatu zuen.

17. Santutegi honen aurreko sala handia hogei metro luze zen.

18. Tenplu barruko zedrozko oholtza hura fruitu- eta lore-sortazko irudiz apaindua zegoen. Dena zedrozkoa zen; ez zen harririk ikusten.

19. Tenplu barne-barneko toki hura, santutegia, Jaunaren itun-kutxa ezartzeko antolatu zuen Salomonek.

20. Santutegia hamar metro zen luze, hamar metro zabal eta hamar metro gora, eta urre garbiz jantzi zuen Salomonek. Santutegiaren aurrez aurre zegoen aldarea, berriz, zedroz jantzi zuen.

21. Jaunaren etxe barnea ere urre garbiz estali zuen Salomonek, santutegia bezala, eta honen aurrean urrezko kateak ipini zituen.

22. Etxe oso-osoa jantzi zuen urrez, baita santutegiaren aurrean zegoen aldarea ere.

23. Santutegirako olibondo-zurezko hegaldun izaki bi egin zituen, bosna metro luzekoak.

24. Lehenengo hegaldun izakiaren hegoak, zein bata zein bestea, bina metro eta erdi ziren; hego-mutur batetik besteraino bost metro.

25. Beste hegaldun izakia ere bost metro zen. Neurri eta tankera bera zuten bi izakiek.

26. Izaki biak bosna metro ziren gora.

27. Jaunaren etxeko santutegian ezarri zituen Salomonek hegaldun izakiak, hegoak zabalik: bataren kanpoaldeko hegoak alde bateko horma ukitzen zuen eta bestearenak beste aldekoa; erdi aldeko bi hegalek, berriz, elkar ukitzen zuten tenpluaren erdialdean.

28. Hegaldun izaki haiek ere urrez jantzi zituen.

29. Nola barruko hala kanpoko hormetan, inguru guztian, hegaldun izaki-irudiak, palmondo eta lore-sorten irudiak zizelkatu zituen.

30. Tenpluaren behea ere, nahiz barnean nahiz kanpoan, urrez estali zuen.

31. Santutegiaren sarrerarako olibondo-zurezko ateak egin zituen. Ateburuak eta ate-zangoek bosna koska zituzten.

32. Bi ate-orriak olibondo-zurezkoak ziren; haietan ere hegaldun izaki-irudiak, palmondo- eta lore-sorten irudiak zizelkatu zituen, guztiak urrez estaliz.

33. Sala handiko sarrerarako ere olibondo-zurezko ate-zangoak egin zituen, baina lau alderdidunak;

34. ate-orriak zipres-zurezkoak ziren eta bina ate jiragarri zituzten.

35. Hauetan ere hegaldun izakiak, palmondoak eta lore-sortak zizelkatu zituen, eta guztiak urrez estali.

36. Azkenean, harlanduzko hiru lerroko eta zedrozko habe-lerro bateko horma eraikiz, barneko ataria egin zuen.

37. Salomonen erregealdiko laugarren urteko Zib hilean ezarri zituzten Jaunaren etxeko oinarriak,

38. eta hamaikagarren urteko Bul hilean, hots, zortzigarren hilabetean bukatu zuten oso-osorik, egitamu guztien arabera. Beraz, zazpi urtetan eraiki zuen tenplua Salomonek.