Itun Zaharra

Itun Berria

1 Erregeak 6:25-36 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

25. Beste hegaldun izakia ere bost metro zen. Neurri eta tankera bera zuten bi izakiek.

26. Izaki biak bosna metro ziren gora.

27. Jaunaren etxeko santutegian ezarri zituen Salomonek hegaldun izakiak, hegoak zabalik: bataren kanpoaldeko hegoak alde bateko horma ukitzen zuen eta bestearenak beste aldekoa; erdi aldeko bi hegalek, berriz, elkar ukitzen zuten tenpluaren erdialdean.

28. Hegaldun izaki haiek ere urrez jantzi zituen.

29. Nola barruko hala kanpoko hormetan, inguru guztian, hegaldun izaki-irudiak, palmondo eta lore-sorten irudiak zizelkatu zituen.

30. Tenpluaren behea ere, nahiz barnean nahiz kanpoan, urrez estali zuen.

31. Santutegiaren sarrerarako olibondo-zurezko ateak egin zituen. Ateburuak eta ate-zangoek bosna koska zituzten.

32. Bi ate-orriak olibondo-zurezkoak ziren; haietan ere hegaldun izaki-irudiak, palmondo- eta lore-sorten irudiak zizelkatu zituen, guztiak urrez estaliz.

33. Sala handiko sarrerarako ere olibondo-zurezko ate-zangoak egin zituen, baina lau alderdidunak;

34. ate-orriak zipres-zurezkoak ziren eta bina ate jiragarri zituzten.

35. Hauetan ere hegaldun izakiak, palmondoak eta lore-sortak zizelkatu zituen, eta guztiak urrez estali.

36. Azkenean, harlanduzko hiru lerroko eta zedrozko habe-lerro bateko horma eraikiz, barneko ataria egin zuen.

Irakurri kapitulu osoa 1 Erregeak 6