Itun Zaharra

Itun Berria

1 Erregeak 6:1-10 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

1. Israeldarrak Egiptotik irten eta handik laurehun eta laurogei urtera, Salomonek Israelgo erregetzan lau urte zeramatzala, bigarren hilabetean, Zib hilean, hasi zen Salomon Jaunaren etxea eraikitzen.

2. Salomonek Jaunari eraiki zion etxe hura hogeita hamar metro zen luze, hamar metro zabal eta hamabost metro gora.

3. Tenpluko sala handiaren aurreko atalondoa hamar metro zabal zen —tenpluaren zabalera bera—, eta bost metro luze tenplu barnerantz.

4. Saredun leihoak eginarazi zituen Salomonek tenplurako.

5. Tenpluaren inguru guztian, sala handiaren eta santutegiaren hormei atxikia, eraikuntza bat egin zuen, hiru solairukoa.

6. Beheko solairua bi metro eta erdi zabal zen, erdikoa hiru metro eta hirugarrena hiru metro eta erdi. Solairu bakoitzean tenpluko horma kanpoaldetik meheagoa zen, maila moduko batzuk eginez, eta maila hauen gainean ezarri zituzten habeak, tenpluko hormak zulatu beharrik gabe.

7. Jaunaren etxea eraikitzeko, harrobian bertan landuriko harriak ezarri zituzten; horrela, ez zen mailu, pikatxoi edota burdinazko beste tresna-hotsik entzun tenplua eraikitzean.

8. Erdiko solairurako sarrera tenpluaren eskuinaldeko saihetsean zegoen; eskailera biribil batetik igo zitekeen erdiko solairura eta hemendik gorenekora.

9. Tenplua eraikitzen bukatu zutenean, sabaia zedrozko habez eta oholez jantzi zuen.

10. Tenpluari inguru guztian erantsi zion eraikuntza hartako solairu bakoitzak bi metro eta erdiko altuera zuen; zedrozko habez zeuden tenpluko hormari atxikiak.

Irakurri kapitulu osoa 1 Erregeak 6