Itun Zaharra

Itun Berria

1 Erregeak 1:33-49 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

33. erregeak esan zien:—Hartu zeuekin nire funtzionarioak eta jaitsi Gihon-era nire seme Salomon, nire mando gainean jarririk.

34. Tzadok apaizak eta Natan profetak gantzutu dezatela han Salomon Israelgo errege, eta zuek, adarra joz, egin oihu honela: «Gora Salomon erregea!»

35. Igo, gero, beraren ondoren, eta hona heltzean, jar dadila nire errege-aulkian, nire ondoren errege izateko. Bera izendatzen dut Israelgo eta Judako buruzagi.

36. Joiadaren seme Benaiasek erantzun zion:—Hala bedi! Hala nahi izan dezala Jaunak, gure erregearen Jainkoak!

37. Izan bedi Jauna Salomonentzat ere zuretzat izan dena; egin dezala haren erregetza zurea baino handiago, oi ene errege David!

38. Tzadok apaizak, Natan profetak, Joiadaren seme Benaiasek, keretarrek eta peletarrek Salomon David erregearen mando gainean ezarri eta Gihonera eraman zuten.

39. Orduan, Tzadok apaizak, hartua baitzuen Jaunaren oihal-etxolatik olio-adarra, gantzutu egin zuen Salomon. Jo zuten adarra eta herri osoak deiadar egin zuen: «Gora Salomon erregea!»

40. Jende guztia Salomonen ondoren igo zen bozkario handiz eta txirulak joz. Lurrak ere dar-dar egin zuen haien oihuengatik.

41. Bazkaria bukatzen ari ziren, Adoniasek eta beronen bazkaldar guztiek zarata-hots hura aditu zutenean. Joabek, adar-hotsa entzutean, esan zuen:—Zer dela-eta halako iskanbila hiritarren artean?

42. Hizketan ari zen, Abiatar apaizaren seme Jonatan heldu zenean. Adoniasek esan zion:—Sar zaitez. Zu bai ausarta! Berri onak al dakarzkiguzu?

43. Jonatanek erantzun zion Adoniasi:—Ez, bada. David gure errege jaunak Salomon egin du errege.

44. Tzadok apaiza, Natan profeta, Joiadaren seme Benaias, keretarrak eta peletarrak bidali ditu Salomonekin, eta hauek erregearen mando gainean ezarri dute Salomon.

45. Tzadok apaizak eta Natan profetak errege gantzutu dute Gihonen. Eta handik bozkarioz beterik igo dira. Hiritarren artean iskanbila handia dago. Hori da entzun duzuen zarata.

46. Gainera, Salomon errege-aulkian jarri da.

47. Erregearen zerbitzariak David gure errege jauna zoriontzera joan dira eta honela esan diote: «Egin dezala Jainkoak Salomon zu baino ospetsuago, eta haren erregetza zurea baino handiago!» Erregea bera makurtu egin da ohe gainean,

48. eta esan du: «Bedeinkatua Jauna, Israelen Jainkoa, nire aulkian nire ondorengoetariko bat jartzea eta nik ikustea eman didalako!»

49. Adoniasen gonbidatu guztiak, izuturik, jaiki eta nor bere aldetik joan ziren.

Irakurri kapitulu osoa 1 Erregeak 1