Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21
  22. 22

Itun Zaharra

Itun Berria

1 Erregeak 1 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

DAVIDEN AZKEN EGUNAK (1,1—2,46)

Daviden zahartzaroa

1. David zahartua zegoen, urtetan aurreratua. Estalkiak botatzen zizkioten arren, ezin zen berotu.

2. Zerbitzariek esan zioten: «Neska gazte birjina bat bilatu behar genizuke, errege jauna; zure zerbitzura egongo litzateke, zu zaintzeko. Eta zurekin oheratuz, berotuko zintuzke».

3. Beraz, Israel lurralde osoan neska gazte polit baten bila ibili ondoren, Abixag aurkitu zuten, Xunemgoa, eta bera eraman zioten erregeari.

4. Oso polita zen neska; berak zaintzen eta zerbitzatzen zuen erregea. Hala ere, erregeak ez zuen sexu-harremanik izan berarekin.

Adoniasek errege izan nahi

5. Bitartean, Daviden eta Hagit-en seme Adonias harrotzen hasi zen, errege izanen zela pentsatuz. Guda-gurdiak, zaldiak eta aurretik joango zitzaizkion berrogeita hamar gizon eskuratu zituen.

6. Aitak ez zion sekula haserrerik egin, ezta galdetu ere zergatik jokatzen zuen horrela. Bestalde, Adonias oso liraina zen; Absalomen ondoren jaioa Davidi.

7. Harremanetan zebilen Tzeruiaren seme Joabekin eta Abiatar apaizarekin; bere alde zituen hauek.

8. Baina Tzadok apaiza, Joiadaren seme Benaias, Natan profeta, Ximei, Rei eta Daviden gudaririk ausartenak ez ziren Adoniasen aldeko.

9. Behinola, ardi, idi eta zekor gizenduak hil zituen Adoniasek opari bezala Zohelet haitzaren ondoan, Rogel iturriaren inguruetan, eta erregearen seme ziren bere anaia guztiak eta erregearen zerbitzari ziren Judako gizon guztiak gonbidatu zituen.

10. Natan profeta, Benaias, Daviden gudari adoretsuak eta bere anaia Salomon, ordea, ez zituen gonbidatu.

Natan eta Betsabe Salomonen alde

11. Orduan, esan zion Natanek Betsaberi, Salomonen amari:—Ez al duzu aditu, Hagit-en seme Adoniasek bere burua errege izendatu duela, David gure jaunak deus ere jakin gabe?

12. Hara, aholku bat emango dizut zeure bizia eta zeure seme Salomonena salba ditzazun.

13. Zoaz David erregeagana eta esaiozu hau: «Ez al zenidan, ene errege jaun horrek, zin egin nire seme Salomon izango zela zure hurrengo erregea eta bera jarriko zela zure errege-aulkian? Hortaz, zergatik izendatu du Adoniasek bere burua errege?»

14. Eta zu erregearekin mintzatzen ari izango zaren bitartean, sartuko naiz ni zure ondoren eta zure esanak baietsiko ditut.

15. Horrela, bada, sartu zen Betsabe erregearen gelara. Erregea oso zahartua zegoen; Abixag xunemdarrak zerbitzatzen zuen.

16. Betsabe ahuspeztu egin zen erregearen aurrean. Honek esan zion:—Zer duzu?

17. Betsabek erantzun:—Jaunarengatik, zeure Jainkoarengatik, zin egin zenidan, ene jaun horrek, nire seme Salomon izanen zela zure hurrengo erregea eta bera jarriko zela zure errege-aulkian.

18. Baina, hona, Adoniasek errege izendatu du bere burua, zuk deus ere jakin gabe.

19. Idi, zekor gizendu eta ardi ugari hil du, eta zure seme guztiak, Abiatar apaiza eta Joab gudalburua gonbidatu ditu; baina zure zerbitzari Salomon ez du gonbidatu.

20. Zeuri begira dituzu israeldar guztien begiak, zure ondoren errege-aulkian nor jarriko den zuk esateko zain.

21. Bestela, ene errege jauna, zu hiltzean, neure seme Salomon eta biok hil egin nahi izango gaituzte.

22. Betsabe erregearekin mintzatzen ari zelarik, heldu zen Natan profeta

23. eta jakinarazi zioten erregeari Natan profeta etorri zela. Erregearen aitzinera sartu eta ahuspeztu egin zen.

24. Natanek esan zuen:—Ene errege jauna, zuk izendatu al duzu Adonias zure ondorengo errege izan eta zure errege-aulkian eser dadin?

25. Izan ere, idi, zekor gizendu eta ardi ugari hil du gaur, eta zure seme guztiak, gudalburuak eta Abiatar apaiza gonbidatu ditu. Han ari dira denak berarekin jan-edanean eta oihuka: «Gora Adonias erregea!»

26. Baina ni ez naute gonbidatu, eta ez Tzadok apaiza, ez Joiadaren seme Benaias, ez zure zerbitzari Salomon ere.

27. Egiaz zuk agindurik egin al dute hori? Guri, zeure zerbitzarioi, ez diguzu esan nor izanen den zure hurrengo erregea.

Davidek Salomon izendatu bere ondorengo errege

28. Erregeak, orduan, agindu zuen:—Dei egin Betsaberi!Betsabe sartu eta zutik gelditu zen erregearen aurrean.

29. Orduan, erregeak honela egin zuen zin:—Ala Jauna, atsekabe orotatik atera nauena!

30. Zin egin nizun, bai, Jaunarengatik, Israelen Jainkoarengatik, zure seme Salomon izanen zela nire ondorengo erregea eta bera jarriko zela nire errege-aulkian. Hara, gaur beteko dut zin hura!

31. Betsabek, erregearen aitzinean lurreraino ahuspezturik, esan zuen:—Gora beti David erregea, ene jauna!

32. Davidek, orduan:—Dei egin Tzadok apaizari, Natan profetari eta Joaiadaren seme Benaiasi.Hauek sartu zirenean,

33. erregeak esan zien:—Hartu zeuekin nire funtzionarioak eta jaitsi Gihon-era nire seme Salomon, nire mando gainean jarririk.

34. Tzadok apaizak eta Natan profetak gantzutu dezatela han Salomon Israelgo errege, eta zuek, adarra joz, egin oihu honela: «Gora Salomon erregea!»

35. Igo, gero, beraren ondoren, eta hona heltzean, jar dadila nire errege-aulkian, nire ondoren errege izateko. Bera izendatzen dut Israelgo eta Judako buruzagi.

36. Joiadaren seme Benaiasek erantzun zion:—Hala bedi! Hala nahi izan dezala Jaunak, gure erregearen Jainkoak!

37. Izan bedi Jauna Salomonentzat ere zuretzat izan dena; egin dezala haren erregetza zurea baino handiago, oi ene errege David!

Salomon Israelgo errege gantzutua

38. Tzadok apaizak, Natan profetak, Joiadaren seme Benaiasek, keretarrek eta peletarrek Salomon David erregearen mando gainean ezarri eta Gihonera eraman zuten.

39. Orduan, Tzadok apaizak, hartua baitzuen Jaunaren oihal-etxolatik olio-adarra, gantzutu egin zuen Salomon. Jo zuten adarra eta herri osoak deiadar egin zuen: «Gora Salomon erregea!»

40. Jende guztia Salomonen ondoren igo zen bozkario handiz eta txirulak joz. Lurrak ere dar-dar egin zuen haien oihuengatik.

Salomonek bizia barkatu Adoniasi

41. Bazkaria bukatzen ari ziren, Adoniasek eta beronen bazkaldar guztiek zarata-hots hura aditu zutenean. Joabek, adar-hotsa entzutean, esan zuen:—Zer dela-eta halako iskanbila hiritarren artean?

42. Hizketan ari zen, Abiatar apaizaren seme Jonatan heldu zenean. Adoniasek esan zion:—Sar zaitez. Zu bai ausarta! Berri onak al dakarzkiguzu?

43. Jonatanek erantzun zion Adoniasi:—Ez, bada. David gure errege jaunak Salomon egin du errege.

44. Tzadok apaiza, Natan profeta, Joiadaren seme Benaias, keretarrak eta peletarrak bidali ditu Salomonekin, eta hauek erregearen mando gainean ezarri dute Salomon.

45. Tzadok apaizak eta Natan profetak errege gantzutu dute Gihonen. Eta handik bozkarioz beterik igo dira. Hiritarren artean iskanbila handia dago. Hori da entzun duzuen zarata.

46. Gainera, Salomon errege-aulkian jarri da.

47. Erregearen zerbitzariak David gure errege jauna zoriontzera joan dira eta honela esan diote: «Egin dezala Jainkoak Salomon zu baino ospetsuago, eta haren erregetza zurea baino handiago!» Erregea bera makurtu egin da ohe gainean,

48. eta esan du: «Bedeinkatua Jauna, Israelen Jainkoa, nire aulkian nire ondorengoetariko bat jartzea eta nik ikustea eman didalako!»

49. Adoniasen gonbidatu guztiak, izuturik, jaiki eta nor bere aldetik joan ziren.

50. Adoniasek, Salomonen beldurrez, joan eta etxolako aldareak ertzetan zituen adarrei heldu zien.

51. Orduan, esan zioten Salomoni:—Salomon erregearen beldur da Adonias eta aldareko adarrei atxikia dago. Honela dio: «Zin egin diezadala Salomonek ez nauela ezpataz hilko».

52. Salomonek, orduan:—Jator jokatzen badu, ez zaio ile bat ere eroriko lurrera; baina nolabaiteko gaiztakeriarik aurkitzen badiogu, heriotza izango du.

53. Orduan, Salomonek Adonias aldaretik jaitsarazteko agindu zien batzuei. Adonias etorri eta ahuspeztu egin zen Salomon erregearen aitzinean. Salomonek esan zion:—Zoaz zeure etxera!