Itun Zaharra

Itun Berria

1 Erregeak 1:11-25 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

11. Orduan, esan zion Natanek Betsaberi, Salomonen amari:—Ez al duzu aditu, Hagit-en seme Adoniasek bere burua errege izendatu duela, David gure jaunak deus ere jakin gabe?

12. Hara, aholku bat emango dizut zeure bizia eta zeure seme Salomonena salba ditzazun.

13. Zoaz David erregeagana eta esaiozu hau: «Ez al zenidan, ene errege jaun horrek, zin egin nire seme Salomon izango zela zure hurrengo erregea eta bera jarriko zela zure errege-aulkian? Hortaz, zergatik izendatu du Adoniasek bere burua errege?»

14. Eta zu erregearekin mintzatzen ari izango zaren bitartean, sartuko naiz ni zure ondoren eta zure esanak baietsiko ditut.

15. Horrela, bada, sartu zen Betsabe erregearen gelara. Erregea oso zahartua zegoen; Abixag xunemdarrak zerbitzatzen zuen.

16. Betsabe ahuspeztu egin zen erregearen aurrean. Honek esan zion:—Zer duzu?

17. Betsabek erantzun:—Jaunarengatik, zeure Jainkoarengatik, zin egin zenidan, ene jaun horrek, nire seme Salomon izanen zela zure hurrengo erregea eta bera jarriko zela zure errege-aulkian.

18. Baina, hona, Adoniasek errege izendatu du bere burua, zuk deus ere jakin gabe.

19. Idi, zekor gizendu eta ardi ugari hil du, eta zure seme guztiak, Abiatar apaiza eta Joab gudalburua gonbidatu ditu; baina zure zerbitzari Salomon ez du gonbidatu.

20. Zeuri begira dituzu israeldar guztien begiak, zure ondoren errege-aulkian nor jarriko den zuk esateko zain.

21. Bestela, ene errege jauna, zu hiltzean, neure seme Salomon eta biok hil egin nahi izango gaituzte.

22. Betsabe erregearekin mintzatzen ari zelarik, heldu zen Natan profeta

23. eta jakinarazi zioten erregeari Natan profeta etorri zela. Erregearen aitzinera sartu eta ahuspeztu egin zen.

24. Natanek esan zuen:—Ene errege jauna, zuk izendatu al duzu Adonias zure ondorengo errege izan eta zure errege-aulkian eser dadin?

25. Izan ere, idi, zekor gizendu eta ardi ugari hil du gaur, eta zure seme guztiak, gudalburuak eta Abiatar apaiza gonbidatu ditu. Han ari dira denak berarekin jan-edanean eta oihuka: «Gora Adonias erregea!»

Irakurri kapitulu osoa 1 Erregeak 1