Itun Zaharra

Itun Berria

Lukas 21:7-24 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

7. Ikasleek galdetu zioten: «Maisu, noiz gertatuko da hori, eta zertan ezagutuko da gertatzera doala?»

8. Jesusek erantzun zien: «Kontuz! Ez zaitzatela inork engaina! Asko etorriko dira, nire izena berenganatuz eta esanez: “Ni naiz Mesias”, edo “Gainean da garaia”. Ez joan halakoen ondoren.

9. Gerra eta iraultza-hotsak entzutean, ez ikaratu: lehenbizi gertatu beharrekoa baita hori guztia; baina ez dator berehala azkena».

10. Gainera, esan zien: «Nazioa nazioaren kontra eta erreinua erreinuaren kontra altxatuko dira;

11. lurrikara handiak izango dira, eta izurrite eta goseteak han eta hemen; gauza ikaragarriak gertatuko dira, eta ortzian seinale handiak azalduko.

12. «Baina hori guztia gertatu aurretik, eskua botako dizuete eta erasoko; sinagogetara eta kartzelara eramango zaituztete, eta erregeen eta agintarien aurrera zuzenduko niregatik.

13. Aitorpen egiteko aukera emango dizue horrek guztiak.

14. Hartu gogoan ez duzuela zeuen buruak nola defendatuko kezkatan egon beharrik:

15. neuk adieraziko dizuet zer eta nola esan, eta zuen etsaietako inork ez du zuei aurre ematerik edo erantzuterik izango.

16. Zeuen guraso eta senideek berek, ahaide eta adiskideek berek salduko zaituztete, eta zuetako zenbait hilko.

17. Mundu guztiak gorroto izango dizue niregatik;

18. baina ez duzue buruko ile bakar bat ere galduko.

19. Iraupenaren iraupenez lortuko duzue bizia.

20. «Jerusalem gudarostez inguratua ikusiko duzuenean, jakin ezazue gainean duela bere hondamendia.

21. Orduan, Judean daudenek ihes egin bezate mendietara; Jerusalem barruan daudenak bihoaz urruti, eta soroan direnak ez bitez hirian sar.

22. Zigor-egunak izango dira haiek, orduan beteko baita Liburu Santuan idatzirik dagoen guztia.

23. Dohakabeak egun haietan haurdun daudenak eta bularreko haurrak dituztenak! Estuasun gogorra izango baita lur honetan, eta haserre-zigorra herri honentzat.

24. Ezpata-ahoz hilko dituzte eta nazio guztietara eramango gatibu; Jerusalem jentilek zapalduko dute, jentilentzat Jainkoak erabakitako garaia erabat bete arte.

Irakurri kapitulu osoa Lukas 21