Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21
  22. 22
  23. 23
  24. 24

Itun Zaharra

Itun Berria

Lukas 21 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

Alargun behartsuaren eskaintza

1. Begira zegoela, aberats batzuk ikusi zituen Jesusek tenpluko dirutegian limosna botatzen.

2. Ikusi zuen emakume alargun behartsu bat ere bi sos botatzen,

3. eta esan zuen: «Benetan diotsuet: Alargun behartsu honek beste guztiek baino gehiago bota du.

4. Izan ere, beste horiek guztiek sobera dutenetik egin dute limosna; honek, ordea, bere eskasian, bizitzeko zeukan guztia eman du».

Jesus eskatologiaz mintzo (21,5-38)

Sarrera: tenplua suntsitua izango

5. Batzuk tenpluari buruz ari ziren, harri ederrez eta emaitzez apaindua zegoela aipatuz. Orduan, Jesusek esan zuen:

6. «Etorriko da garaia, hor ikusten duzuen horretatik harririk ere harri gainean geldituko ez dena: dena suntsituko dute».

Azkenaren aurreko seinaleak

7. Ikasleek galdetu zioten: «Maisu, noiz gertatuko da hori, eta zertan ezagutuko da gertatzera doala?»

8. Jesusek erantzun zien: «Kontuz! Ez zaitzatela inork engaina! Asko etorriko dira, nire izena berenganatuz eta esanez: “Ni naiz Mesias”, edo “Gainean da garaia”. Ez joan halakoen ondoren.

9. Gerra eta iraultza-hotsak entzutean, ez ikaratu: lehenbizi gertatu beharrekoa baita hori guztia; baina ez dator berehala azkena».

10. Gainera, esan zien: «Nazioa nazioaren kontra eta erreinua erreinuaren kontra altxatuko dira;

11. lurrikara handiak izango dira, eta izurrite eta goseteak han eta hemen; gauza ikaragarriak gertatuko dira, eta ortzian seinale handiak azalduko.

12. «Baina hori guztia gertatu aurretik, eskua botako dizuete eta erasoko; sinagogetara eta kartzelara eramango zaituztete, eta erregeen eta agintarien aurrera zuzenduko niregatik.

13. Aitorpen egiteko aukera emango dizue horrek guztiak.

14. Hartu gogoan ez duzuela zeuen buruak nola defendatuko kezkatan egon beharrik:

15. neuk adieraziko dizuet zer eta nola esan, eta zuen etsaietako inork ez du zuei aurre ematerik edo erantzuterik izango.

16. Zeuen guraso eta senideek berek, ahaide eta adiskideek berek salduko zaituztete, eta zuetako zenbait hilko.

17. Mundu guztiak gorroto izango dizue niregatik;

18. baina ez duzue buruko ile bakar bat ere galduko.

19. Iraupenaren iraupenez lortuko duzue bizia.

Jerusalemen hondamendia

20. «Jerusalem gudarostez inguratua ikusiko duzuenean, jakin ezazue gainean duela bere hondamendia.

21. Orduan, Judean daudenek ihes egin bezate mendietara; Jerusalem barruan daudenak bihoaz urruti, eta soroan direnak ez bitez hirian sar.

22. Zigor-egunak izango dira haiek, orduan beteko baita Liburu Santuan idatzirik dagoen guztia.

23. Dohakabeak egun haietan haurdun daudenak eta bularreko haurrak dituztenak! Estuasun gogorra izango baita lur honetan, eta haserre-zigorra herri honentzat.

24. Ezpata-ahoz hilko dituzte eta nazio guztietara eramango gatibu; Jerusalem jentilek zapalduko dute, jentilentzat Jainkoak erabakitako garaia erabat bete arte.

Gizonaren Semearen etorrera

25. «Seinale handiak agertuko dira eguzkian, ilargian eta izarretan; lurrean, berriz, larri izango dira herriak, itsas orroaz eta olatuez izuturik.

26. Eta munduari gainera datorkionaren ikaraz eta larriz, lur jota geldituko da jendea, ortzia dardarka ariko baita.

27. Orduan, Gizonaren Semea hodei artean ahalmen eta aintzaz beterik etortzen ikusiko dute.

28. «Hau guztia gertatzen hastean, izan bihotz eta altxatu burua, laster baituzue zeuen askapena».

«Egon erne»

29. Jesusek irudi bat jarri zien: «Begira pikondoari edo beste edozein zuhaitzi:

30. kimuberritzen hasi direla ikusi eta, besterik gabe, badakizue uda hurbil dela.

31. Era berean, gauza horiek gertatzen ikustean, jakizue hurbil dela Jainkoaren erregetza.

32. Benetan diotsuet: Gizaldi honetakoak hil baino lehen gertatuko dira gauza guztiok.

33. Zeru-lurrak igaroko dira, baina nire hitzak ez dira bete gabe igaroko.

34. «Zabiltzate, bada, kontuz! Galdukeria, mozkorkeria eta bizitzako ardurak direla eta, ez bekizue gogoa motel, egun hura ustekabean gainera eror ez dakizuen,

35. sarea bezala eroriko baita munduan bizi diren guztien gainera.

36. Egon erne eta erregutu uneoro, gertatuko diren horiei guztiei ihes egiteko eta Gizonaren Semearen aurrean zutik irauteko kemena izan dezazuen».

37. Tenpluan irakasten eman ohi zituen Jesusek egunak, eta Oliamendira ateratzen zen gauak igarotzera.

38. Eta herri guztia goizean goiz joaten zitzaion tenplura, entzutera.