Itun Zaharra

Itun Berria

Lukas 21:13-33 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

13. Aitorpen egiteko aukera emango dizue horrek guztiak.

14. Hartu gogoan ez duzuela zeuen buruak nola defendatuko kezkatan egon beharrik:

15. neuk adieraziko dizuet zer eta nola esan, eta zuen etsaietako inork ez du zuei aurre ematerik edo erantzuterik izango.

16. Zeuen guraso eta senideek berek, ahaide eta adiskideek berek salduko zaituztete, eta zuetako zenbait hilko.

17. Mundu guztiak gorroto izango dizue niregatik;

18. baina ez duzue buruko ile bakar bat ere galduko.

19. Iraupenaren iraupenez lortuko duzue bizia.

20. «Jerusalem gudarostez inguratua ikusiko duzuenean, jakin ezazue gainean duela bere hondamendia.

21. Orduan, Judean daudenek ihes egin bezate mendietara; Jerusalem barruan daudenak bihoaz urruti, eta soroan direnak ez bitez hirian sar.

22. Zigor-egunak izango dira haiek, orduan beteko baita Liburu Santuan idatzirik dagoen guztia.

23. Dohakabeak egun haietan haurdun daudenak eta bularreko haurrak dituztenak! Estuasun gogorra izango baita lur honetan, eta haserre-zigorra herri honentzat.

24. Ezpata-ahoz hilko dituzte eta nazio guztietara eramango gatibu; Jerusalem jentilek zapalduko dute, jentilentzat Jainkoak erabakitako garaia erabat bete arte.

25. «Seinale handiak agertuko dira eguzkian, ilargian eta izarretan; lurrean, berriz, larri izango dira herriak, itsas orroaz eta olatuez izuturik.

26. Eta munduari gainera datorkionaren ikaraz eta larriz, lur jota geldituko da jendea, ortzia dardarka ariko baita.

27. Orduan, Gizonaren Semea hodei artean ahalmen eta aintzaz beterik etortzen ikusiko dute.

28. «Hau guztia gertatzen hastean, izan bihotz eta altxatu burua, laster baituzue zeuen askapena».

29. Jesusek irudi bat jarri zien: «Begira pikondoari edo beste edozein zuhaitzi:

30. kimuberritzen hasi direla ikusi eta, besterik gabe, badakizue uda hurbil dela.

31. Era berean, gauza horiek gertatzen ikustean, jakizue hurbil dela Jainkoaren erregetza.

32. Benetan diotsuet: Gizaldi honetakoak hil baino lehen gertatuko dira gauza guztiok.

33. Zeru-lurrak igaroko dira, baina nire hitzak ez dira bete gabe igaroko.

Irakurri kapitulu osoa Lukas 21