Itun Zaharra

Itun Berria

Lukas 14:3-17 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

3. Jesusek lege-maisu eta fariseuei galdetu zien: «Zilegi al da larunbatez inor sendatzea, bai ala ez?»

4. Haiek isilik gelditu ziren. Orduan, Jesusek gaixoa eskutik hartu, sendatu eta bidali egin zuen.

5. Gero, haiei esan zien: «Zuetako nork, semea nahiz idia putzura erortzen bazaio, ez du berehala ateratzen, larunbata izanagatik?»

6. Erantzun ezinik gelditu ziren.

7. Ohartu zen Jesus gonbidatuek mahaiko lehen jarlekuak hartzen zituztela, eta aholku hauek eman zizkien:

8. «Ezteietara gonbidatzen zaituztenean, ez jarri mahaiburuan, zu baino gonbidatu ospetsuagoren bat izan daiteke eta;

9. hala balitz, biok gonbidatu zaituztenak etorri eta esango lizuke: “Utzi tokia honi”; orduan, azkeneko lekuan eseri beharko zenuke lotsa gorrian.

10. Alderantziz, gonbidatzen zaituztenean, jarri azkeneko tokian, gonbidatu zaituenak, datorrenean, esan diezazun: “Adiskide, igo gorago”. Horrela, oso toki onean geldituko zara mahaikide guztien aurrean.

11. Zeren eta bere burua goratzen duena beheratu egingo baitu Jainkoak, eta bere burua beheratzen duena, goratu».

12. Eta gonbidatu zuenari esan zion: «Bazkari edo afariren bat ematean, ez gonbidatu zeure adiskideak, ezta senide, ahaide edo auzoko aberatsak ere; zeren beraiek ere gonbidatu egingo zintuzkete, eta, horrela, ordaina hartuko zenuke.

13. Aitzitik, otordu bat ematean, gonbidatu behartsu, elbarri, herren eta itsuak.

14. Zorionekoa zu orduan, ez baitute zuri ordaintzerik! Zintzoak piztuko direnean jasoko duzu ordaina».

15. Hitz hauek entzutean, mahaikide batek esan zion Jesusi: «Zorionekoa Jainkoaren erreinuko otorduan parte hartuko duena!»

16. Jesusek erantzun zion: «Gizon bat afari handi bat ematekoa zen eta jende asko gonbidatu zuen.

17. Afarikoan, morroia bidali zuen gonbidatuei esatera: “Etorri, dena gertu dago eta”.

Irakurri kapitulu osoa Lukas 14