Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21
  22. 22
  23. 23
  24. 24

Itun Zaharra

Itun Berria

Lukas 14 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

Jesusek urminduna larunbatez sendatu

1. Behin batean, larunbatez, fariseu-buruetako baten etxera joan zen Jesus bazkaltzera, eta fariseuak zelatan zegozkion.

2. Gizon urmindun bat zegoen han, Jesusen aurrean.

3. Jesusek lege-maisu eta fariseuei galdetu zien: «Zilegi al da larunbatez inor sendatzea, bai ala ez?»

4. Haiek isilik gelditu ziren. Orduan, Jesusek gaixoa eskutik hartu, sendatu eta bidali egin zuen.

5. Gero, haiei esan zien: «Zuetako nork, semea nahiz idia putzura erortzen bazaio, ez du berehala ateratzen, larunbata izanagatik?»

6. Erantzun ezinik gelditu ziren.

Azken tokiak aukeratu eta behartsuak gonbidatu

7. Ohartu zen Jesus gonbidatuek mahaiko lehen jarlekuak hartzen zituztela, eta aholku hauek eman zizkien:

8. «Ezteietara gonbidatzen zaituztenean, ez jarri mahaiburuan, zu baino gonbidatu ospetsuagoren bat izan daiteke eta;

9. hala balitz, biok gonbidatu zaituztenak etorri eta esango lizuke: “Utzi tokia honi”; orduan, azkeneko lekuan eseri beharko zenuke lotsa gorrian.

10. Alderantziz, gonbidatzen zaituztenean, jarri azkeneko tokian, gonbidatu zaituenak, datorrenean, esan diezazun: “Adiskide, igo gorago”. Horrela, oso toki onean geldituko zara mahaikide guztien aurrean.

11. Zeren eta bere burua goratzen duena beheratu egingo baitu Jainkoak, eta bere burua beheratzen duena, goratu».

12. Eta gonbidatu zuenari esan zion: «Bazkari edo afariren bat ematean, ez gonbidatu zeure adiskideak, ezta senide, ahaide edo auzoko aberatsak ere; zeren beraiek ere gonbidatu egingo zintuzkete, eta, horrela, ordaina hartuko zenuke.

13. Aitzitik, otordu bat ematean, gonbidatu behartsu, elbarri, herren eta itsuak.

14. Zorionekoa zu orduan, ez baitute zuri ordaintzerik! Zintzoak piztuko direnean jasoko duzu ordaina».

Afari handiaren parabola

15. Hitz hauek entzutean, mahaikide batek esan zion Jesusi: «Zorionekoa Jainkoaren erreinuko otorduan parte hartuko duena!»

16. Jesusek erantzun zion: «Gizon bat afari handi bat ematekoa zen eta jende asko gonbidatu zuen.

17. Afarikoan, morroia bidali zuen gonbidatuei esatera: “Etorri, dena gertu dago eta”.

18. Baina bata bestearen ondoren denak aitzakiak jartzen hasi ziren. Lehenengoak esan zion: “Soroa erosi dut, eta ikustera joan behar dut; barkatu, arren”.

19. Beste batek, berriz: “Bost idi-pare erosi ditut, eta probatzera joan behar dut; barkatu, arren”.

20. Eta hurrengoak: “Ezkondu berria naiz eta ez naiteke joan”.

21. Honen guztiaren berri nagusiari ematera itzuli zen morroia. Etxeko nagusia biziki haserretu zen eta morroiari esan zion: “Hoa bizkor herriko plaza eta kaleetan barrena, eta ekarri hona behartsu, elbarri, itsu eta herrenak”.

22. «Geroago, morroiak esan zion: “Egin dut, jauna, zuk agindua, eta oraindik badago tokia”.

23. Orduan, nagusiak esan zion: “Hoa bidez bide eta bazterrik bazter eta sarrarazi jendea barrura, etxea bete dakidan.

24. Egia esan, gonbidatu haietako batek ere ez du nire afaria dastatuko”».

Nork bere buruari uko, Jesusi jarraitzeko

25. Jende-talde handiak zihoazen Jesusekin; honek, beraiengana itzulirik, esan zien:

26. «Norbaitek nirekin etorri nahi badu eta ez banau ni bere aita-amak eta emaztea, seme-alabak eta anai-arrebak eta bere burua ere baino maiteago, ez daiteke izan nire ikasle.

27. Bere gurutzea hartu eta nire ondoren ez datorrena ez daiteke izan nire ikasle.

28. «Izan ere, zuetako nork, dorrea egin nahi badu, ez ditu aldez aurretik eseri eta gastuen kontuak ateratzen, bukatzeko adina ba ote duen ikusteko?

29. Bestela, zimenduak hartu ondoren bukatu ezin izango balu, ikusiko luketen guztiek barre egingo liokete,

30. esanez: “Honako hau eraikitzen hasi huen eta ezin izan dik amaitu”.

31. «Edo zein erregek, beste baten kontra gerrara joan nahi badu, ez du aldez aurretik eseri eta begiratzen, ea hamar mila gizon aski dituen hogei milarekin kontra datorkionari aurre egiteko?

32. Eta ezetz ikusten badu, bestea oraindik urruti dela, mandatariak bidaliko dizkio bakea eskatuz.

33. «Era berean, zuetako inor ez daiteke izan nire ikasle, dituen guztiei uko egiten ez badie.

Gatz gezatuaren parabola

34. «Bai, gauza ona da gatza; baina gatza gezatzen bada, nola gazitu berriro?

35. Ez litzateke gauza ez lurrerako, ez ongarritarako; kanpora botako litzateke. Ulertzeko gauza denak uler beza».