Itun Zaharra

Itun Berria

Joan 20:1-16 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

1. Asteko lehen egunean Magdalako Maria hilobira joan zen goizean goiz, artean ilun zegoela, eta harria hilobitik kendua ikusi zuen.

2. Orduan, Simon Pedrorengana eta Jesusek maite zuen beste ikasleagana itzuli zen lasterka, eta esan zien: «Eraman egin dute Jauna hilobitik, eta ez dakigu non ipini duten».

3. Irten ziren, orduan, Pedro eta beste ikaslea eta hilobirantz jo zuten.

4. Biak batera zihoazen korrika, baina beste ikaslea Pedro baino arinago zihoan, eta lehenago iritsi zen hilobira.

5. Barrura begiratzeko makurturik, oihal-zerrendak lurrean zeudela ikusi zuen, baina ez zen sartu.

6. Iritsi zen haren atzetik Simon Pedro eta sartu zen hilobira. Oihal-zerrendak lurrean ikusi zituen,

7. baita Jesusen burua biltzen egoniko zapia ere; baina hau ez zegoen oihal-zerrendekin batera jarria, beste toki batean aparte bildua baizik.

8. Orduan, sartu zen beste ikaslea ere, hilobira lehenengo iritsi zena. Ikusi eta sinetsi egin zuen.

9. Izan ere, ordu arte ez zuten ikasleek ulertu Liburu Santuak dioena, Jesusek hildakoen artetik piztu behar zuela, alegia.

10. Pedro eta beste ikaslea etxeratu egin ziren.

11. Maria hilobi ondoan gelditu zen, kanpoan negarrez. Halako batean, oraindik ere negarrez, hilobirantz makurtu zen,

12. eta bi aingeru ikusi zituen zuriz jantziak, Jesusen gorpua egon zen tokian eserita, bata burualdean eta bestea oinetan.

13. Aingeruek esan zioten:—Emakume, zergatik ari zara negarrez?Hark erantzun zien:—Nire Jauna eraman dute, eta ez dakit non ipini duten.

14. Berehala, atzera begiratu eta Jesus ikusi zuen zutik, baina ez zen konturatu Jesus zela.

15. Jesusek esan zion:—Emakume, zergatik ari zara negarrez? Noren bila zabiltza?Hark, baratzezaina zelakoan, esan zion:—Jauna, zuk eraman baldin baduzu, esadazu non ipini duzun, eta neuk jasoko dut.

16. Jesusek esan zion:—Maria!Honek, hurbilduz, esan zion hebreeraz:—Rabbuni! (hau da, Maisu).

Irakurri kapitulu osoa Joan 20