Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21

Itun Zaharra

Itun Berria

Joan 20 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

Jesus piztu. Hilobia hutsik

1. Asteko lehen egunean Magdalako Maria hilobira joan zen goizean goiz, artean ilun zegoela, eta harria hilobitik kendua ikusi zuen.

2. Orduan, Simon Pedrorengana eta Jesusek maite zuen beste ikasleagana itzuli zen lasterka, eta esan zien: «Eraman egin dute Jauna hilobitik, eta ez dakigu non ipini duten».

3. Irten ziren, orduan, Pedro eta beste ikaslea eta hilobirantz jo zuten.

4. Biak batera zihoazen korrika, baina beste ikaslea Pedro baino arinago zihoan, eta lehenago iritsi zen hilobira.

5. Barrura begiratzeko makurturik, oihal-zerrendak lurrean zeudela ikusi zuen, baina ez zen sartu.

6. Iritsi zen haren atzetik Simon Pedro eta sartu zen hilobira. Oihal-zerrendak lurrean ikusi zituen,

7. baita Jesusen burua biltzen egoniko zapia ere; baina hau ez zegoen oihal-zerrendekin batera jarria, beste toki batean aparte bildua baizik.

8. Orduan, sartu zen beste ikaslea ere, hilobira lehenengo iritsi zena. Ikusi eta sinetsi egin zuen.

9. Izan ere, ordu arte ez zuten ikasleek ulertu Liburu Santuak dioena, Jesusek hildakoen artetik piztu behar zuela, alegia.

10. Pedro eta beste ikaslea etxeratu egin ziren.

Jesus Magdalako Mariari agertu

11. Maria hilobi ondoan gelditu zen, kanpoan negarrez. Halako batean, oraindik ere negarrez, hilobirantz makurtu zen,

12. eta bi aingeru ikusi zituen zuriz jantziak, Jesusen gorpua egon zen tokian eserita, bata burualdean eta bestea oinetan.

13. Aingeruek esan zioten:—Emakume, zergatik ari zara negarrez?Hark erantzun zien:—Nire Jauna eraman dute, eta ez dakit non ipini duten.

14. Berehala, atzera begiratu eta Jesus ikusi zuen zutik, baina ez zen konturatu Jesus zela.

15. Jesusek esan zion:—Emakume, zergatik ari zara negarrez? Noren bila zabiltza?Hark, baratzezaina zelakoan, esan zion:—Jauna, zuk eraman baldin baduzu, esadazu non ipini duzun, eta neuk jasoko dut.

16. Jesusek esan zion:—Maria!Honek, hurbilduz, esan zion hebreeraz:—Rabbuni! (hau da, Maisu).

17. Jesusek esan zion:—Utz nazazu, oraindik ez bainaiz igo Aitarengana. Ea, zoaz nire senideengana eta esaiezu neure eta zuen Aitarengana noala, neure eta zuen Jainkoarengana.

18. Magdalako Mariak joan eta ikasleei berri hau eman zien: «Jauna ikusi dut». Eta hark esana kontatu zien.

Jesus ikasleei agertu

19. Asteko lehen egun hartan bertan, arratsean, ikasleak etxe batean bildurik zeuden; judu-agintarien beldurrez, ateak itxirik zeuzkaten. Sartu zen Jesus eta, erdian jarririk, agurtu zituen esanez: «Bakea zuei».

20. Gero, eskuak eta saihetsa erakutsi zizkien. Pozez bete ziren ikasleak Jauna ikustean.

21. Jesusek berriro esan zien: «Bakea zuei. Aitak ni bidali nauen bezala, nik zuek bidaltzen zaituztet».

22. Eta haien gainera arnasa botaz, esan zien: «Hartzazue Espiritu Santua.

23. Zuek bekatuak barkatzen dizkiezuenei barkatu egingo dizkie Jainkoak ere; zuek barkamena ukatzen diezuenei, ukatu egingo die».

Jesus eta Tomas

24. Tomas, Hamabietako bat, Bikia zeritzana, ez zegoen haiekin Jesus etorri zenean.

25. Elkartu zirenean, beste ikasleek esan zioten:—Jauna ikusi dugu.Tomasek erantzun zien:—Haren eskuetan iltzeen seinalea ikusten ez badut, eta nire atzamarra iltze-zuloetan eta nire eskua haren saihets-zuloan sartzen ez badut, ez dut inola ere sinetsiko.

26. Zortzi egunen buruan, etxean zeuden berriro ikasleak, eta Tomas ere bertan zen. Ateak itxirik zeuden arren, sartu zen Jesus eta, erdian jarririk, agurtu zituen esanez: «Bakea zuei».

27. Gero, esan zion Tomasi:—Ekarri atzamarra eta aztertu nire eskuak; ekarri eskua eta sartu nire saihets-zuloan. Eta ez izan sinesgogor, sinestedun baizik.

28. Tomasek erantzun zion:—Ene Jauna eta ene Jainkoa!

29. Jesusek esan zion:—Ikusi nauzulako sinetsi al duzu? Zorionekoak ikusi gabe sinesten dutenak.

Ebanjelioaren helburua

30. Mirarizko beste seinale asko egin zituen Jesusek bere ikasleen aurrean, liburu honetan idatzirik ez daudenak.

31. Hemen kontatuak Jesus Mesias eta Jainkoaren Semea dela sinets dezazuen idatzi dira eta, sinetsiz, betiko bizia izan dezazuen hari esker.