Itun Zaharra

Itun Berria

Erromatarrei 11:19-30 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

19. Zuk esan dezakezu: «Ni txertatzeko moztu zituen Jainkoak adarrok».

20. Hala da, beren sinesmen-ezagatik moztu zituen, eta zuk zeure sinesmenagatik irauten duzu; ez izan, beraz, harro, eta ibili kontuz.

21. Berezko adar zirenekin Jainkoak begiramenik izan ez bazuen, beharbada zurekin ere ez du izango.

22. Hartu, bada, gogoan Jainkoaren bihotz ona eta zorroztasuna: zorroztasuna erori zirenentzat, bihotz ona zuretzat, baina haren ontasunean irauten baduzu; bestela, zu ere moztu egingo zaituzte.

23. Israeldarrak ere, beren sinesgogorkeriari uko egiten badiote, txertatuko ditu, bai baitu Jainkoak ahalmenik haiek berriro txertatzeko.

24. Jatorriz zeurea zenuen basaolibondotik moztu eta zeurea ez zenuen olibondoan txertatu bazintuen, askoz errazago izango du olibondotik sortutakoak beren berezko olibondoan txertatzea.

25. Senideok, ez zaituztet ezjakinean eduki nahi Jainkoak honetan guztian duen asmo ezkutuaz, harro ez zaitezten. Israelgo zati baten itsukeriak, jentil-herri guztiak salbamenera heldu arte iraungo du;

26. orduan, Israel osoa salbatuko da, Liburu Santuak dioenez: Siondik etorriko da askatzailea, eta sinesgogorkeria kenduko du Jakoben ondorengoengandik.

27. Hona haiekin egingo dudan ituna, bekatuak barkatuko dizkiedanean.

28. Berri onari dagokionez, israeldarrak Jainkoaren etsai dira, zuen onerako; baina, Jainkoak egindako aukerari dagokionez, maite-maiteak dira beren arbasoak direla eta,

29. behin betikoak baitira Jainkoaren dohainak eta deia.

30. Zuek, garai batean Jainkoarekin errebelde zinetenok, orain, israeldarren errebeldiari esker, errukia lortu duzue.

Irakurri kapitulu osoa Erromatarrei 11