Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16

Itun Zaharra

Itun Berria

Erromatarrei 11 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

Israel herriaren hondarrak

1. Galdera egiten dut: Jainkoak baztertu egin ote du bere herria? Inola ere ez! Neu ere israeldarra naiz, Abrahamen jatorrikoa, Benjaminen leinukoa.

2. Jainkoak ez du baztertu beretzat aukeratu zuen herria. Gogoan duzue, noski, Liburu Santuak Eliasi buruz dioena, nola hitz egiten zion Jainkoari Israelen aurka:

3. Jauna, zure profetak hil egin dituzte eta zure aldareak hondatu. Ni bakarrik gelditu naiz, eta nire bila ere badabiltza bizia kentzeko.

4. Baina Jaunaren mintzoak zer erantzuten dio? Utzi ditut neuretzat Baalen aurreanbelaunikatu ez diren zazpi mila gizon.

5. Bada orain ere, gure egunotan, hondar bat, Jainkoak onginahi hutsez aukeratua.

6. Eta onginahi hutsez baldin bada, ez da egintzengatik; bestela, onginahia ez litzateke onginahi izango.

7. Zer esan nahi du horrek? Israel herriak ez zuela aurkitu bila zebilena, eta Jainkoak aukeratuek lortu dutela; gainerakoak, berriz, itsuturik gelditu dira,

8. Liburu Santuak dioen bezala: Jainkoak adimena itsutu egin zien. Begiak eman zizkien, baina ez ikusteko, belarriak ere bai, baina ez entzuteko Eta horrela gaur arte.

9. Eta Davidek honela dio: Gerta bekizkie beren otorduak tranpa eta sare, erorbide eta zigor.

10. Lauso bitez haien begiak, ez dezaten ikus, makur bekie bizkarra betiko.

Israeldarrak eta jentilak

11. Beste galdera bat: Gehiago ez zutitzeko erori ote da Israel? Inola ere ez! Haiek erori zirelako heldu dira jentilak salbamenera, eta hori israeldarren jelosia pizteko gertatu da.

12. Beraz, haien erortzea munduarentzat aberasbide, hau da, haien hutsegitea jentilentzat aberasbide gertatu bada, zenbatez aberasgarriago ez ote da izanen Israel osoak salbamena iristea!

13. Orain, zuei, jentiloi, mintzo natzaizue: jentilen apostolu naizenez gero, ospetsu egin nahi dut neure zerbitzu hau,

14. ea neure jatorrikoen jelosia pizten dudan eta haietako batzuen batzuk salbatzen ditudan.

15. Israeldarrak baztertzetik munduari Jainkoarekin baketzea etorri baldin bazaio, zer ote datorke Jainkoak berriro haiek onartzetik? Heriotzatik bizira etortzea izango litzateke hori!

16. Gainera, lehen opilak Jainkoari sagaratuak badira, baita oraldi osoa ere, eta sustraia sagaratua bada, baita adarrak ere.

17. Bai, adar batzuk moztu dizkio Jainkoak Israeli, eta moztu gabekoen artean zu txertatu, basaolibondo zaren hori; horrela, haiekin batera, olibondoaren sustraitik datorren izerdian partaide gertatu zara.

18. Baina ez harrotu adar moztuen lepotik. Eta harrotzeko tentazioa baduzu, izan gogoan ez diozula zuk eusten sustraiari, sustraiak zuri baizik.

19. Zuk esan dezakezu: «Ni txertatzeko moztu zituen Jainkoak adarrok».

20. Hala da, beren sinesmen-ezagatik moztu zituen, eta zuk zeure sinesmenagatik irauten duzu; ez izan, beraz, harro, eta ibili kontuz.

21. Berezko adar zirenekin Jainkoak begiramenik izan ez bazuen, beharbada zurekin ere ez du izango.

22. Hartu, bada, gogoan Jainkoaren bihotz ona eta zorroztasuna: zorroztasuna erori zirenentzat, bihotz ona zuretzat, baina haren ontasunean irauten baduzu; bestela, zu ere moztu egingo zaituzte.

23. Israeldarrak ere, beren sinesgogorkeriari uko egiten badiote, txertatuko ditu, bai baitu Jainkoak ahalmenik haiek berriro txertatzeko.

24. Jatorriz zeurea zenuen basaolibondotik moztu eta zeurea ez zenuen olibondoan txertatu bazintuen, askoz errazago izango du olibondotik sortutakoak beren berezko olibondoan txertatzea.

Israel herria eta Jainkoarengandiko salbamena

25. Senideok, ez zaituztet ezjakinean eduki nahi Jainkoak honetan guztian duen asmo ezkutuaz, harro ez zaitezten. Israelgo zati baten itsukeriak, jentil-herri guztiak salbamenera heldu arte iraungo du;

26. orduan, Israel osoa salbatuko da, Liburu Santuak dioenez: Siondik etorriko da askatzailea, eta sinesgogorkeria kenduko du Jakoben ondorengoengandik.

27. Hona haiekin egingo dudan ituna, bekatuak barkatuko dizkiedanean.

28. Berri onari dagokionez, israeldarrak Jainkoaren etsai dira, zuen onerako; baina, Jainkoak egindako aukerari dagokionez, maite-maiteak dira beren arbasoak direla eta,

29. behin betikoak baitira Jainkoaren dohainak eta deia.

30. Zuek, garai batean Jainkoarekin errebelde zinetenok, orain, israeldarren errebeldiari esker, errukia lortu duzue.

31. Era berean haiek ere: orain errebelde bihurtu dira, zuei izan zaizuen errukiari esker errukia lor dezaten.

32. Jainkoak errebelde izaten utzi baitzien gizon-emakume guztiei, denei erruki izateko.

Jainko salbatzaileari gorazarrea

33. Bai handi eta sakonak Jainkoaren eskuzabaltasuna, jakinduria eta ezaguera! Bai aztergaitzak beraren erabakiak eta sumaezinak haren bideak!

34. Nork ezagutu du Jaunaren pentsamendua? Nor izan da haren aholkulari?

35. Nork eman dio hari lehenengo, gero hark itzuli behar izateko?

36. Berarengandik dira gauza guztiak, beraren bidez eta berarentzat. Aintza berari betiere! Amen.