Itun Zaharra

Itun Berria

1 Pedro 1:8-21 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

8. Maite duzue Jesu Kristo, gaurdaino ikusi ez duzuen arren. Eta, ikusi gabe berarengan sinetsiz, esanezin ahalako pozez, poz distiratsuz, beteak zaudete jadanik,

9. zeuen fedearen helburua, zeuen salbamena, iristen duzuelako.

10. Profetek, Jainkoak zuentzat prestaturiko dohaina iragarri zutenean, salbamen hau zuten gogoan eta berau aztertzen saiatu ziren.

11. Berekin zuten Kristoren Espirituak aldez aurretik adierazten zizkien Mesiasen sufrimenduak eta ondorengo aintza, eta beraiek hori guztia noiz eta nola gertatuko zen aztertu zuten.

12. Jainkoak agertu zien, egiten zuten profezi lana ez zutela berentzat egiten, zuentzat baizik. Eta haiek adierazia, zerutik bidalitako Espiritu Santuaren eraginez berri ona hots egiten dizuetenek iragartzen dizuete orain. Aingeruak berak ere gauza horiek ikusteko irrikaz daude.

13. Horregatik, prestatu zeuen gogoa zerbitzurako eta bizi neurritasunez. Jar ezazue zeuen itxaropen osoa Jesu Kristoren agerpenak ekarriko dizuen dohainean.

14. Esaneko seme-alabei dagokienez, ez jarraitu ezjakinean bizi zineten garaiko grina txarrei.

15. Aitzitik, dei egin dizuen Jainkoa santu den bezala, izan zuek ere santu zeuen biziera guztian.

16. Izan ere, Liburu Santuak dio: Izan santu, ni santua naiz eta.

17. Inolako bereizkeriarik gabe, nor bere egintzen arabera epaitzen duenari «Aita» deitzen diozuenez gero, joka begirunez munduko erbestealdian bizi zareten bitartean.

18. Gogoratu zeuen aurrekoengandik hartutako biziera zentzugabetik askatuak izan zaretela; eta askatuak, ez gauza ustelkorrez, urrez nahiz zilarrez,

19. baizik eta bildots garbi eta akats gabe bezala zuen alde eskaini den Kristoren odol baliotsuaz.

20. Kristo mundua mundu izan aurretik zegoen Jainkoaren asmotan, eta azken garai hauetan agertu da zuen onerako.

21. Eta zuek beronen bidez sinesten duzue hildakoen artetik piztu eta ospez bete zuen Jainkoarengan; horrela, zuen fedea eta itxaropena Jainkoarengan finkatuak daude.

Irakurri kapitulu osoa 1 Pedro 1