Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5

Itun Zaharra

Itun Berria

1 Pedro 1 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

Agurra

1. Nik, Pedrok, Jesu Kristoren apostolu honek, Ponto, Galazia, Kapadozia, Asia eta Bitiniako lurraldeetan atzerritar bezala sakabanaturik bizi zaretenoi idazten dizuet.

2. Aita Jainkoak aurrez erabakita zuenaren arabera aukeratu zaituzte eta Espirituaren bidez sagaratu, Jesu Kristoren esanera bizitzeko eta beronen odolaz garbituak izateko. Grazia eta bakea oparo zuei!

Esker ona Kristorengandiko salbamenagatik

3. Bedeinkatua Jainkoa, Jesu Kristo gure Jaunaren Aita! Bere erruki handiak eraginda, bizi berrira birsortu gaitu, Jesu Kristo hildakoen artetik piztuz. Horrela, itxaropen bizia daukagu orain,

4. Jainkoak guretzat zeruan prestaturik duen ondarea jasotzeko itxaropena. Ondare hori ez daiteke hondatu, ez zikindu, ez zimeldu. Zuentzat ere prestatua du Jainkoak.

5. Honek bere ahalmenaz zaintzen zaituzte, azken garaian agertuko den salbamena irits dezazuen fedeari esker.

Fededunen poza

6. Horregatik, pozik zaudete, nahiz eta oraindik alditxo batez zenbait probaldi sufritu behar izan.

7. Horrela, zuen fedeak bere jatortasuna erakutsiko du, galkorra izan arren sutan garbitzen den urreak bezala; eta urrea baino askoz baliotsuago den zuen fedeak gorespena, ospea eta ohorea iritsiko ditu Jesu Kristo agertuko denean.

8. Maite duzue Jesu Kristo, gaurdaino ikusi ez duzuen arren. Eta, ikusi gabe berarengan sinetsiz, esanezin ahalako pozez, poz distiratsuz, beteak zaudete jadanik,

9. zeuen fedearen helburua, zeuen salbamena, iristen duzuelako.

Salbamena profetek iragarri

10. Profetek, Jainkoak zuentzat prestaturiko dohaina iragarri zutenean, salbamen hau zuten gogoan eta berau aztertzen saiatu ziren.

11. Berekin zuten Kristoren Espirituak aldez aurretik adierazten zizkien Mesiasen sufrimenduak eta ondorengo aintza, eta beraiek hori guztia noiz eta nola gertatuko zen aztertu zuten.

12. Jainkoak agertu zien, egiten zuten profezi lana ez zutela berentzat egiten, zuentzat baizik. Eta haiek adierazia, zerutik bidalitako Espiritu Santuaren eraginez berri ona hots egiten dizuetenek iragartzen dizuete orain. Aingeruak berak ere gauza horiek ikusteko irrikaz daude.

Santu izateko deia

13. Horregatik, prestatu zeuen gogoa zerbitzurako eta bizi neurritasunez. Jar ezazue zeuen itxaropen osoa Jesu Kristoren agerpenak ekarriko dizuen dohainean.

14. Esaneko seme-alabei dagokienez, ez jarraitu ezjakinean bizi zineten garaiko grina txarrei.

15. Aitzitik, dei egin dizuen Jainkoa santu den bezala, izan zuek ere santu zeuen biziera guztian.

16. Izan ere, Liburu Santuak dio: Izan santu, ni santua naiz eta.

17. Inolako bereizkeriarik gabe, nor bere egintzen arabera epaitzen duenari «Aita» deitzen diozuenez gero, joka begirunez munduko erbestealdian bizi zareten bitartean.

18. Gogoratu zeuen aurrekoengandik hartutako biziera zentzugabetik askatuak izan zaretela; eta askatuak, ez gauza ustelkorrez, urrez nahiz zilarrez,

19. baizik eta bildots garbi eta akats gabe bezala zuen alde eskaini den Kristoren odol baliotsuaz.

20. Kristo mundua mundu izan aurretik zegoen Jainkoaren asmotan, eta azken garai hauetan agertu da zuen onerako.

21. Eta zuek beronen bidez sinesten duzue hildakoen artetik piztu eta ospez bete zuen Jainkoarengan; horrela, zuen fedea eta itxaropena Jainkoarengan finkatuak daude.

Bizi jaioberriei dagokienez

22. Orain zuek, egiaren mezuari obedituz, zeuen barruak garbitu dituzue, senide bezala elkar benetan maitatzeko. Maita ezazue, bada, batak bestea bihotzez eta sutsu;

23. izan ere, berriro jaio zarete, eta ez hazi hilkorretik, hilezkorretik baizik, bizia den eta betiko dirauen Jainkoaren hitzetik.

24. Honelaxe dio Liburu Santuak ere: Gizaki oro belarraren pareko da, haren edertasuna landako lorearena bezalakoa: ihartzen da belarra, erortzen lorea;

25. Jaunaren hitzak, ordea, betiko dirau.Hitz hau, berriz, zuei hots egin zaizuen berri ona da.