Itun Zaharra

Itun Berria

1 Pedro 1:6-17 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

6. Horregatik, pozik zaudete, nahiz eta oraindik alditxo batez zenbait probaldi sufritu behar izan.

7. Horrela, zuen fedeak bere jatortasuna erakutsiko du, galkorra izan arren sutan garbitzen den urreak bezala; eta urrea baino askoz baliotsuago den zuen fedeak gorespena, ospea eta ohorea iritsiko ditu Jesu Kristo agertuko denean.

8. Maite duzue Jesu Kristo, gaurdaino ikusi ez duzuen arren. Eta, ikusi gabe berarengan sinetsiz, esanezin ahalako pozez, poz distiratsuz, beteak zaudete jadanik,

9. zeuen fedearen helburua, zeuen salbamena, iristen duzuelako.

10. Profetek, Jainkoak zuentzat prestaturiko dohaina iragarri zutenean, salbamen hau zuten gogoan eta berau aztertzen saiatu ziren.

11. Berekin zuten Kristoren Espirituak aldez aurretik adierazten zizkien Mesiasen sufrimenduak eta ondorengo aintza, eta beraiek hori guztia noiz eta nola gertatuko zen aztertu zuten.

12. Jainkoak agertu zien, egiten zuten profezi lana ez zutela berentzat egiten, zuentzat baizik. Eta haiek adierazia, zerutik bidalitako Espiritu Santuaren eraginez berri ona hots egiten dizuetenek iragartzen dizuete orain. Aingeruak berak ere gauza horiek ikusteko irrikaz daude.

13. Horregatik, prestatu zeuen gogoa zerbitzurako eta bizi neurritasunez. Jar ezazue zeuen itxaropen osoa Jesu Kristoren agerpenak ekarriko dizuen dohainean.

14. Esaneko seme-alabei dagokienez, ez jarraitu ezjakinean bizi zineten garaiko grina txarrei.

15. Aitzitik, dei egin dizuen Jainkoa santu den bezala, izan zuek ere santu zeuen biziera guztian.

16. Izan ere, Liburu Santuak dio: Izan santu, ni santua naiz eta.

17. Inolako bereizkeriarik gabe, nor bere egintzen arabera epaitzen duenari «Aita» deitzen diozuenez gero, joka begirunez munduko erbestealdian bizi zareten bitartean.

Irakurri kapitulu osoa 1 Pedro 1