Itun Zaharra

Itun Berria

1 Korintoarrei 11:18-30 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

18. Hasteko, zuen elkarte-otorduetan zatikatuak zabiltzatela jakin dut. Eta neurri batean egia dela uste dut;

19. izan ere, beharrezko da zuen artean alderdikeriak izatea, benetako kristauak zeintzuk diren hobeki ager dadin.

20. Zeuen elkarte-otorduetarako biltzen zaretenean, egiten duzuena ez da Jaunaren afaria,

21. nor bere afaria jaten hasten baita; horrela, bata goseak gelditzen den bitartean, bestea mozkortu egiten da.

22. Ez ote dituzue zeuen etxeak jateko eta edateko? Ala gutxietsi egin nahi duzue Jainkoaren eliz elkartea eta lotsarazi ezer ez dutenak? Zer esan diezazueket? Zorionak eman? Gai honetan ezin dizuet zorionik eman.

23. Jaunarengandik hartu nuen nik, neure aldetik zuei eskualdatu dizuedan hau: Jesus Jaunak, saldu zuten gauean, ogia hartu zuela

24. eta, esker oneko otoitza egin ondoren, zatitu eta esan zuela: «Hau nire gorputza da, zuentzat ematen dena. Egizue hau nire oroigarri».

25. Berdin egin zuen koparekin afal ondoan, esanez: «Kopa hau itun berria da, Jainkoak nire odolaz ezarria; egizue hau, edaten duzuen bakoitzean, nire oroigarri».

26. Beraz, ogi honetatik jaten eta kopa honetatik edaten duzuen bakoitzean, Jaunaren heriotza iragartzen duzue, bera etorri arte.

27. Horregatik, behar ez bezala Jaunaren ogia jaten eta kopatik edaten duena errudun bihurtzen da, Jaunaren gorputz-odolak profanatzen baititu.

28. Azter beza, bada, nork bere burua, ogitik jan eta kopatik edan aurretik;

29. zeren Jaunaren gorputza dela kontuan izan gabe jan-edaten duenak, bere gaitzespena baitu jaten eta edaten.

30. Horrexegatik dago zuen artean hainbeste ahul eta gaixo, eta franko hil ere egiten da.

Irakurri kapitulu osoa 1 Korintoarrei 11