Itun Zaharra

Itun Berria

Zenbakiak 8:1-12 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:

2. «Esaiozu Aaroni, zazpi kriseiluak pizterakoan, argimutilaren aurrealdea argitzeko eran egokitzeko».

3. Bete zuen Aaronek Jaunak Moisesi agindua, eta argimutilaren aurrealdea argitzeko eran egokitu zituen kriseiluak.

4. Mailuz landuriko urrez egina zen argimutila, oinetik lore-hosto-bururaino. Jaunak Moisesi erakutsitako ereduaren arabera egina zen.

5. Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:

6. «Bereizi lebitarrak beste israeldarren artetik eta egiezu garbikuntza.

7. Garbikuntza-ohikune hau erabiliko duzu: garbikuntzako urez zipriztinduko dituzu; ondoren, gorputzeko ile guztia moztuko dute eta arropak garbituko. Horrenbestez, garbi geldituko dira.

8. Gero, zekor bat eta dagokion labore-oparia —oliotan oraturiko irin garbikoa— hartuko dute; zuk barkamen-oparitarako beste zekor bat hartuko duzu.

9. Israeldarren elkarte osoa bilduko duzu eta lebitarrak elkarketa-etxolara hurbilaraziko.

10. Han, Jaunaren aurrean, israeldarrek eskuak buru gainean ezarriko dizkiete.

11. Aaronek, aurkezpen-keinua eginez, Jaunari eskainiko dizkio lebitarrak israeldarren izenean, eta Jaunaren zerbitzurako geldituko dira.

12. Gero, lebitarrek eskuak ezarriko dizkiete buruan zekorrei, eta Aaronek lebitarren alde barkamen-ohikunea egiteko eskainiko ditu, bata barkamen-oparitzat eta bestea erre-oparitzat.

Irakurri kapitulu osoa Zenbakiak 8