Itun Zaharra

Itun Berria

Zenbakiak 5:6-20 Elizen Arteko Biblia (EAB)

6. «Esan israeldarrei: Gizonezko nahiz emakumezko batek beste norbaiti kalte egin eta Jainkoarekiko desleial jokatzen badu, errudun bihurtzen da.

7. Bere errua aitortuko du, eta kaltearen ordaina eta bosteko bat gehiago emango dio kalte egin dionari.

8. Kaltetua hila bada eta ordaina jasotzeko ahaide hurbilekorik ez badu, kalte-ordaina Jaunari emango zaio apaizaren bidez, errudunaren bekatuaren barkamen-ohikunea egiteko erabiliko den ahariaz gain.

9. «Israeldarrek Jaunari eskainiko dizkioten opari sakratuak apaizarentzat izango dira.

10. Apaizari eramaten zaizkion opari sakratuak apaizarentzat dira».

11. Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:

12. «Esan israeldarrei: Eman dezagun emakume bat bere senarrarekiko desleial izan dela.

13. Senarraren ezjakinean beste gizon batekin sexu-harremanak izan ditu eta kutsaturik gelditu da; baina ez dago lekukorik, ez du inork horretan harrapatu.

14. Hala ere, senarrak susmo txarra hartu dio emazteari, hau egiaz errudun delarik. Baina gerta daiteke emaztea errugabea izanik ere senarrak susmo txarra hartzea.

15. Honelako kasuetan, senarrak apaizaren aurrera eramango du emaztea eta lau kilo garagar-irin eskainiko ditu oparitzat. Ez dio irinari oliorik isuriko, ez intsentsurik ipiniko, susmo txarra dela-eta bekatua salatzeko eskaintza baita.

16. «Emakumea hurbilarazi eta Jaunaren aurrean ezarriko du apaizak.

17. Ur sakratua hartuko du buztinezko ontzi batean eta egoitzako zorutik hartutako hautsaz nahasiko du.

18. Emakumea Jaunaren aurrean ipini, ilea askatu eta bekatua salatzeko oparia, senarrak bere susmo txarragatik ekarria, ezarriko dio eskuetan; apaizak, bitartean, errudunaren gain madarikazioa dakarren ur garratza edukiko du eskuetan.

19. Orduan, zin eragingo dio emakumeari, hau esanez: “Beste gizon batekin harremanik izan ez baduzu, ez bazara desohoratu eta zeure senarrari desleial izan, ez dakizula ezer txarrik gerta, madarikazioa dakarren ur garratz hau edatean.

20. Baina senarrari desleial izan bazatzaizkio eta, zeurea ez den beste gizon batekin harremanak izanik, desohoratu bazara

Irakurri kapitulu osoa Zenbakiak 5