Itun Zaharra

Itun Berria

Zenbakiak 4:8-19 Elizen Arteko Biblia (EAB)

8. Horren guztiaren gainean purpura gorriminezko oihala zabaldu eta larru finezko estalduraz bilduko dute, eta hagak ezarriko dizkiote mahaiari.

9. Gero, purpura morezko oihala hartu eta argimutila, kriseiluak, su-hatzak, errautsontziak eta olioarekin erabiltzen diren ontzi guztiak estaliko dituzte.

10. Larru finezko estalduraz bilduko dute argimutila tresna guztiekin batera eta anda gainean ezarriko.

11. «Urrezko aldare gainean ere purpura morezko oihala zabalduko dute, larru finezko estalduraz bildu eta hagak ezarriko dizkiote;

12. gero, santutegiko liturgi zerbitzurako erabiltzen diren tresnak hartu eta purpura morezko oihalean ipiniko dituzte, larru finezko estalduraz bildu eta anda gainean ezarriko.

13. Aldareko errautsak garbitu eta purpura gorrizko oihala zabalduko dute gainean.

14. Aldare gainean liturgi zerbitzurako erabiltzen diren tresna guztiak ezarriko dituzte: errautsontziak, sardexkak, palak eta isipu-ontziak. Guztia larru finezko estalduraz bilduko dute, eta hagak ezarriko dizkiote aldareari.

15. «Abiatzeko orduan kanpamendua jasotzean, Aaronek eta beronen semeek santutegiko tresna guztiak bilduko dituzte, eta gero Kehaten ondorengoak etorriko dira horiek guztiak eramateko. Ez dezatela ezer sakraturik uki, hil ez daitezen. Horiek dira Kehaten ondorengoek eraman behar dituzten elkarketa-etxolako gauzak.

16. «Eleazar, Aaron apaizaren semea, honetaz arduratuko da: kriseiluetako olioaz, intsentsu usaintsuaz, eguneroko labore-opariez eta gantzuketa-olioaz. Egoitzaz eta bertan dagoen guztiaz ere —gauza sakratuez zein tresneriaz— bera arduratuko da».

17. Jaunak esan zien Moisesi eta Aaroni:

18. «Ez gero utzi lebitarren artean desagertzen Kehaten senitarteak!

19. Gauza guztiz sakratuetara hurbiltzean bizia galtzeko arriskua dutenez gero, egizue honela, hil ez daitezen: Aaron eta beronen semeak bertan egongo dira bakoitzari zein den bere egitekoa eta zer eraman behar duen esateko.

Irakurri kapitulu osoa Zenbakiak 4