1. Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi Moabeko lautadan, Jordan ondoan, Jeriko parean:
2. «Agindu israeldarrei jabetzan hartuko duten ondaretik lebitarrei zenbait hiri emateko, inguruko lurrekin batera, haietan bizi daitezen.
3. Hiriak berak bizitzeko izango dituzte, eta herri-lurrak azienda eta abereentzat.
4. Lebitarrei eman beharreko herri-lurrak harresietatik kilometro bateko erradioan hedatuko dira,
5. hau da, mila metro neurtuko dituzte ekialde zein mendebaldera, hegoalde zein iparraldera, hiria erdian geldituko delarik. Horiek izango dira herri-lurrak.
6. Lebitarrei emango dizkiete sei babes-hiriak, hau da, hiltzailearen ihesleku izateko ezarriko dituztenak; horiez gain beste berrogeita bi hiri emango dizkiete;
7. berrogeita zortzi hiri, beraz, guztira, bakoitza bere herri-lurrekin.
8. Israeldarren ondaretik lebitarrei hiriak ematerakoan, leinu bakoitzak egokitu zaion ondare-zatiaren arabera emango dizkie: ondare handiagoa jaso duenak hiri gehiago, txikiagoa jaso duenak gutxiago».
9. Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:
10. «Esan israeldarrei: Jordan igaro eta Kanaan lurraldean sartzean,
11. babes-hiriak aukeratuko dituzue. Nahi gabe norbait hiltzen duenak han aurkituko du iheslekua.
12. Hiri horiek izango dituzue babesleku, hildakoa mendekatzeko eskubidea duenaren eskuetatik ihes egin ahal izateko; horrela, hiltzailea ez da hilko, elkartearen aurrean auzitara agertu baino lehen.