Itun Zaharra

Itun Berria

Zenbakiak 26:56-65 Elizen Arteko Biblia (EAB)

56. Zozketak erabakiko du bakoitzaren zatia, ugaria nahiz urria izan senitartea».

57. Lebiren leinuaren izen-bilketa senitarteka: Gerxonengandik gerxondarrak, Kehatengandik kehatarrak eta Merarirengandik meraritarrak.

58. Hauek ziren Lebirengandiko senitarteak: libnitarrak, hebrondarrak, mahlitarrak, muxitarrak eta koretarrak. Kehatek Amram sortu zuen.

59. Amram Lebiren alaba batekin, Lebik Egipton izan zuenarekin, ezkondu zen; Jokebed zuen izena. Honek hiru seme-alaba sortu zizkion Amrami: Aaron, Moises eta hauen arreba Miriam.

60. Aaronengandik Nadab, Abihu, Eleazar eta Itamar sortu ziren.

61. Baina Nadab eta Abihu hil egin ziren, Jaunaren aurrean honek agindu gabeko intsentsu-eskaintza egin zutelako.

62. Lebitarrak 23.000 ziren guztira, hilabetez gorako gizonezkoak erroldan sartuz. Lebitarrak ez zituzten gainerako israeldarrekin batera erroldatu, ez baitzegokien ondare-zatirik beste israeldarrei bezala.

63. Hori izan zen Moisesek eta Eleazar apaizak Moabeko lautadan, Jordan ondoan, Jeriko parean, eginiko israeldarren izen-bilketaren emaitza.

64. Hauen artean ez zen gelditzen Moisesek eta Aaron apaizak Sinai basamortuan erroldaturiko israeldarrik.

65. Izan ere, Jaunak esana zien basamortuan hilko zirela; beraz, ez zen haietariko inor gelditzen, Jefuneren seme Kaleb eta Nunen seme Josue izan ezik.

Irakurri kapitulu osoa Zenbakiak 26