Itun Zaharra

Itun Berria

Zenbakiak 26:50-65 Elizen Arteko Biblia (EAB)

50. Horiek ziren Neftaliren ondorengoak, senitarteka erroldaturik: 45.400 gizonezko guztira.

51. Izen-bilketan erroldaturiko israeldarrak 601.730 izan ziren guztira.

52. Jaunak esan zion Moisesi:

53. «Senitarte hauen artean banatuko duzu lurraldea, talde bakoitzaren lagun-kopurua kontuan harturik:

54. senitartea ugaria bada, ondare-zatia ere handiagoa emango zaio; urria bada, txikiagoa; bakoitzari izen-bilketan eman duen kopuruaren arabera.

55. Lurraldearen banaketa zozketaz bakarrik egingo da, leinu bakoitzeko senitarteen ondare-zatia lagun-kopuruaren araberakoa izango bada ere.

56. Zozketak erabakiko du bakoitzaren zatia, ugaria nahiz urria izan senitartea».

57. Lebiren leinuaren izen-bilketa senitarteka: Gerxonengandik gerxondarrak, Kehatengandik kehatarrak eta Merarirengandik meraritarrak.

58. Hauek ziren Lebirengandiko senitarteak: libnitarrak, hebrondarrak, mahlitarrak, muxitarrak eta koretarrak. Kehatek Amram sortu zuen.

59. Amram Lebiren alaba batekin, Lebik Egipton izan zuenarekin, ezkondu zen; Jokebed zuen izena. Honek hiru seme-alaba sortu zizkion Amrami: Aaron, Moises eta hauen arreba Miriam.

60. Aaronengandik Nadab, Abihu, Eleazar eta Itamar sortu ziren.

61. Baina Nadab eta Abihu hil egin ziren, Jaunaren aurrean honek agindu gabeko intsentsu-eskaintza egin zutelako.

62. Lebitarrak 23.000 ziren guztira, hilabetez gorako gizonezkoak erroldan sartuz. Lebitarrak ez zituzten gainerako israeldarrekin batera erroldatu, ez baitzegokien ondare-zatirik beste israeldarrei bezala.

63. Hori izan zen Moisesek eta Eleazar apaizak Moabeko lautadan, Jordan ondoan, Jeriko parean, eginiko israeldarren izen-bilketaren emaitza.

64. Hauen artean ez zen gelditzen Moisesek eta Aaron apaizak Sinai basamortuan erroldaturiko israeldarrik.

65. Izan ere, Jaunak esana zien basamortuan hilko zirela; beraz, ez zen haietariko inor gelditzen, Jefuneren seme Kaleb eta Nunen seme Josue izan ezik.

Irakurri kapitulu osoa Zenbakiak 26