Itun Zaharra

Itun Berria

Zenbakiak 22:6-22 Elizen Arteko Biblia (EAB)

6. Zatoz lehenbailehen, eta madarika ezazu herri hori, nirea baino indartsuagoa baita. Beharbada, menderatu ahal izango dut eta lurraldetik bota. Izan ere, badakit jakin, zuk bedeinkatua bedeinkaturik gelditzen dela eta zuk madarikatua madarikaturik».

7. Moab eta Madiango herri-arduradunak, madarikazio-zina ordaintzeko dirua harturik, Balaamengana joan ziren eta Balaken mezua adierazi zioten.

8. Balaamek esan zien: «Igaro hemen gaua eta emanen dizuet erantzuna Jaunak esango didanaren arabera».Horrela, Moabeko buruzagiak Balaamekin gelditu ziren.

9. Agertu zitzaion Jainkoa Balaami eta galdegin zion:—Zein dira zeurekin dituzun gizon horiek?

10. Balaamek erantzun:—Tziporren seme Balakek, Moabeko erregeak, bidali dizkit mezu honekin:

11. Egiptotik atera den herriak lurralde osoa estali du. Zatoz berehala herri hori madarikatzera; beharbada, borrokatu ahal izango dut eta bota.

12. Jainkoak esan zion Balaami:—Ez joan horiekin! Ez duzu herri hori madarikatuko, nik bedeinkatua baitut.

13. Biharamun goizean, Balaken buruzagiei esan zien: «Itzuli zeuen lurraldera, Jaunak ez baitit uzten zuekin joaten».

14. Moabeko buruzagiek, Balakengana itzuli eta esan zioten: «Balaamek ez du etorri nahi izan gurekin».

15. Baina Balakek beste buruzagi batzuk bidali zituen, aurrekoak baino ugariago eta ospetsuagoak.

16. Balaamengana iritsirik, esan zioten:—Honela dio Tziporren seme Balakek: Mesedez, ez muzin egin niregana etortzeari.

17. Ohorez beteko zaitut eta zuk eskatu guztia egingo; zatoz, arren, eta madarika ezazu herri hori.

18. Baina Balaamek erantzun zien Balaken zerbitzariei:—Nahiz eta Balakek jauregia bete urre eta zilar eman, ezin dut ezertxo ere egin, ez handi ez txiki, Jaunaren, nire Jainkoaren, aginduaren kontra.

19. Dena den, igaro gaua hemen zuek ere, Jaunak oraingoan esango didana jakin arte.

20. Gauean, Jainkoa Balaami agertu eta esan zion: «Gizon horiek zure bila etorri badira, zoaz beraiekin; baina nik esango dizudana bakarrik egingo duzu».

21. Hurrengo goizean, astemea txalmatu eta Moabeko buruzagiekin joan zen Balaam.

22. Abiatu zenean, biziki haserretu zen Jainkoa. Balaam asteme gainean zihoan, bi zerbitzari lagun zituela, eta Jaunaren aingerua jarri zitzaion aurrean bidea oztopatzen.

Irakurri kapitulu osoa Zenbakiak 22