Itun Zaharra

Itun Berria

Zenbakiak 22:23-40 Elizen Arteko Biblia (EAB)

23. Astemea, Jaunaren aingerua ezpata eskuan bide erdian ikustean, bidetik saihestu eta landan zehar joan zen. Balaamek jo egin zuen, berriro bidera eramateko.

24. Gero, mahasti artean, albotara bi harresi zituen bide estu batean gelditu zen Jaunaren aingerua.

25. Astemea, hura ikustean, harresira arrimatu zen, Balaamen berna harresiaren kontra zanpatuz. Balaamek jo egin zuen berriro.

26. Jaunaren aingerua aurreratu eta inori eskuin-ezkerrera egiten ez uzteko moduko estugune batean gelditu zen.

27. Hura ikustean, etzan egin zen astemea Balaamen azpian. Haserretu eta makilaz jo zuen Balaamek.

28. Orduan, Jaunak hitz egiteko dohaina eman astemeari, eta honek esan zion Balaami:—Zer egin dizut nik, hiru bider horrela jotzeko?

29. Balaamek erantzun:—Niri burla egiten ari haiz! Labanarik banu, hementxe hilko hinduket.

30. Astemeak esan zion:—Ez al nauzu, bada, zeure astemea, betidanik gainean eraman zaituena? Eta inoiz portatu al naiz honela zurekin?—Ez! —erantzun zion Balaamek.

31. Orduan, ezpata eskuan bide erdian zegoen aingerua eman zion ikustera Jaunak Balaami. Lurreraino ahuspeztu zen Balaam,

32. eta Jaunaren aingeruak esan zion:—Zergatik jo duzu hiru bider astemea? Neu atera natzaizu bidea oztopatzera, okerreko bidetik baitzoaz.

33. Astemeak ikusi eta hiru bider saihestu nau. Bestela, hila zintudan dagoeneko, bera bizirik utziko nuelarik.

34. Balaamek erantzun zion Jaunaren aingeruari:—Oker jokatu dut! Ez nekien bidea oztopatzen zidana zeu zinenik. Baina nire bidaia atsegin ez bazaizu, itzuli egingo naiz.

35. Jaunaren aingeruak erantzun:—Zoaz gizon horiekin, baina nik adierazitakoa bakarrik esango duzu.Horrela, Balaken buruzagiekin joan zen Balaam.

36. Balaam zetorrela jakitean, bidera irten zitzaion Balak, Edom lurraldeko muga-ertzean, Arnon erreka ondoan, zegoen Ar hirira,

37. eta esan zion:—Behin eta berriro bidali dizkizut mezulariak deitzera; nola ez zara lehenago etorri? Zu ohorez betetzeko gauza ez naizela uste al duzu?

38. Balaamek erantzun zion:—Orain hemen nauzu! Baina, zer esan dezaket? Jainkoak ahoan jarriko dizkidan hitzak bakarrik esan ditzaket.

39. Gero, Balaam Kiriat-Hutzotera joan zen Balakekin.

40. Han behiak eta ardiak hil zituen Balakek, eta Balaami eta lagun zituen buruzagiei eraman zien haragia.

Irakurri kapitulu osoa Zenbakiak 22