Itun Zaharra

Itun Berria

Zenbakiak 20:12-25 Elizen Arteko Biblia (EAB)

12. Jaunak, ordea, esan zien Moisesi eta Aaroni: «Ez zarete nitaz fidatu, nire santutasuna israeldarren aurrean argi azal zedin; beraz, ez duzue herri hau gidatuko emango diodan lurralderaino».

13. Gertakari hau dela eta, iturri hark «Meribako Urak» du izen, —hau da, «Auzi Urak»—, han eman baitzioten aurpegi israeldarrek Jaunari, eta honek bere santutasuna agertu zuen.

14. Kadextik mezulariak bidali zizkion Moisesek Edomgo erregeari mezu honekin: «Hau diotsute zeure anaia israeldarrek: Ongi dakizu zer-nolako nekeak jasan behar izan ditugun.

15. Gure arbasoak Egiptora jaitsi ziren eta gure herria luzaro bizi izan zen bertan; baina gero, egiptoarrek tratu txarra eman ziguten, bai geuri, bai arbasoei.

16. Orduan, oihu egin genion Jaunari laguntza eske eta hark entzun egin zituen gure garrasiak: aingerua bidali eta atera egin gintuen Egiptotik. Orain hemen gara, Kadexen, zure lurraldearen mugako hirian.

17. Utz iezaguzu zeure lurraldetik igarotzen. Ez gara igaroko ez soroetatik, ez mahastietatik, eta ez dugu edango zure putzuetako urik. Errepidetik joango gara, apurtxo bat ere saihestu gabe, zure lurraldea zeharkatu arte».

18. Baina Edomgo erregeak erantzun zien:—Ez duzue nire lurraldea zapalduko; bestela, bidera aterako natzaizue borrokara.

19. Israeldarrek esan zioten:—Bide nagusitik joango gara. Baldin guk eta abereek zure putzuetako urik edango bagenu, ordaindu egingo genizuke. Zure lurraldetik oinez igarotzen uzteko besterik ez dizugu eskatzen.

20. Edomgo erregeak, berriz:—Ez zarete igaroko!Eta bidera atera zitzaien gudaroste handi eta biziki indartsuarekin.

21. Honela, galarazi egin zion Edom herriak Israeli bere lurraldetik igarotzea, eta israeldarrak urrundu egin ziren, zeharbidea hartuz.

22. Kadextik abiatu eta Hor mendira iritsi zen israeldar elkartea.

23. Han, Edom lurraldearen mugan, Jaunak esan zien Moisesi eta Aaroni:

24. «Aaron hil egingo da, ezin baita sartu israeldarrei emango diedan lurraldean, muzin egin baitzenieten nire aginduei Meribako iturriaren ondoan.

25. Zuk, Moises, eramatzazu Aaron eta beronen seme Eleazar Hor mendiaren gailurrera.

Irakurri kapitulu osoa Zenbakiak 20