Itun Zaharra

Itun Berria

Zenbakiak 18:19-32 Elizen Arteko Biblia (EAB)

19. Israeldarrek opari sakratutzat niretzat bereizitako guztia, zuri eta zure ondorengoei, gizonezko nahiz emakumezkoei, ematen dizuet. Betiko lege izango duzue hau. Inola ere aldaezineko konpromisoa da, nik, Jaunak, zurekin eta zure ondorengoekin hartzen dudana».

20. Jaunak esan zion Aaroni: «Ez duzu lursailik izango zeure ondaretzat israeldarrei emango diedan lurraldean. Neu izango nauzu ondare eta mantenu beste israeldarren artean.

21. Israeldarren lurreko fruituen hamarrenak ematen dizkiet lebitarrei ondaretzat, elkarketa-etxolan betetzen duten zerbitzuaren ordain.

22. Gainerako israeldarrak ez dira elkarketa-etxolara hurbilduko, heriotza-zigorra lekarkiekeen bekatua egingo bailukete.

23. Lebitarrak arduratuko dira elkarketa-etxolako zerbitzuaz, eta beren hutsegiteen erantzule izanen dira. Betiko lege izango duzue hau belaunez belaun. Lebitarrek, beraz, ez dute Israelen lursailik izango ondare.

24. Israeldarrek niretzat bereizten dituzten lurreko emaitzen hamarrenak ematen dizkiet ondaretzat. Horregatik esan diet ez dutela lursailik izango ondare gainerako israeldarren artean».

25. Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:

26. «Esan lebitarrei: Israeldarren lurreko fruituetarik nik ondaretzat emandako hamarrenak jasotzean, hamarrenen hamarrena bereizi eta niri, Jaunari, eskainiko didazue.

27. Hori izango duzue zeuen eskaintza Jaunarentzat, beste israeldarrek beren garitik nahiz olio eta ardo berritik egin ohi dutenaren parekoa.

28. Beraz, israeldarrengandik jasoriko hamarrenetik bereiziko duzue zeuen eskaintza Jaunarentzat, eta Aaron apaizari emango diozue.

29. Israeldarrek emandako guztitik zati bat bereiziko duzue Jaunari zeuen eskaintza egiteko: zatirik hoberena bereiziko duzue Jaunari eskaintzeko.

30. «Esan beste hau ere: Niretzat zatirik hoberena bereizi ondoren, hartu gainerakoa zeuentzat, beste israeldarrek garia eta olio-ardoak berentzat hartzen dituzten bezala.

31. Nonahi jan dezakezue zeuek eta zuen etxekoek. Hori da zuen ordaina elkarketa-etxolako zerbitzuagatik.

32. Niretzat zatirik hoberena bereiziz gero, ez zarete errudun bihurtuko, ez dituzue israeldarren opari sakratuak profanatuko, eta ez zarete hilko».

Irakurri kapitulu osoa Zenbakiak 18