Itun Zaharra

Itun Berria

Zenbakiak 18:1-16 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. Jaunak esan zion Aaroni: «Zu, zure semeak eta leinuko beste kideak izango zarete santutegiaren aurkako hutsegiteen erantzule; zeuen apaiz-jardueran egindako hutsegiteenak, berriz, zu eta zure semeak bakarrik.

2. Zeure aitaren leinuko senide lebitarrei ere utziko diezu santutegira hurbiltzen eta ondoan izango dituzu laguntzaile, zuk eta zure semeek itun-etxolaren aurrean jardungo duzuenean.

3. Zure eta itun-etxolaren zerbitzura egongo dira; baina ez dira gauza sakratuetara, ez aldarera, hurbilduko, haiek eta zuek hil ez zaitezten.

4. Elkarketa-etxolako zerbitzuan eta hango zereginetan egingo dizute lagun; ez zaizue lebitar ez den inor elkartuko.

5. Zuek beteko duzue santutegiko eta aldareko zerbitzu sakratua; honela, ez da nire haserrea israeldarren aurka piztuko.

6. Nik bereizi ditut zure senide lebitarrak israeldarren artetik, eta niri, Jaun honi, oso-osorik emanak daude, elkarketa-etxolaren zerbitzuaz arduratzeko.

7. Baina zuk eta zure semeek bakarrik beteko dituzue aldarean nahiz errezelaz barrualdera bete beharreko apaiz-jarduerak. Eginkizun hori zuei dagokizue, zuei eman baitizuet apaiz-kargua. Apaiz ez den norbaitek apaizgintzan badihardu, heriotzara emango dute».

8. Jaunak esan zion Aaroni: «Zure esku uzten ditut israeldarrek zor dizkidaten eskaintza sakratu guztiak: zuri eta zure ondorengoei dagokizuen zati dira. Betiko lege izango duzue hau.

9. Opari guztiz sakratuetatik, hau da, israeldarrek eskainiko dizkidaten labore-opari, barkamen- eta ordain-oparietatik nire ohorez erretzen ez dena zuretzat eta zure ondorengoentzat izango da.

10. Gizonezkoek bakarrik jan dezakete opari horietatik, eta toki sakratuan jango dute, guztiz sakratuak baitira.

11. Gainera, errituzko aurkezpen-keinua eginez eskaintzen dizkidazun beste oparigaien zati bat ematen dizuet, zuri eta zure ondorengoei, gizonezko nahiz emakumezko: garbi dagoen edonork jan dezake horietatik. Betiko lege izango duzue hau.

12. Zuri ematen dizkizut israeldarrek ekartzen dizkidaten lehen fruituak ere: olio eta ardo berrien eta gariaren zatirik hoberenak.

13. Halaber, ekartzen dizkidaten uzta guztien lehen emaitzak zureak izango dira. Zure senitartetik garbi dagoen edonork jan dezake horietatik.

14. Israeldarrek erabat eta betiko sagaraturiko guztia ere zuretzat izango da.

15. «Azkenik, zuretzat izango dira niri eskainiriko israeldarren lehen-seme nahiz lehen abere-kume guztiak ere. Baina giza lehen-semeak eta abere kutsatuen lehen-kumeak berreskuratu egingo dituzte.

16. Jaio eta hilabetera ordainduko dute israeldarrek berreskuratzeko jaregite-saria: zilarrezko bost txanponeko ordaina ezarriko duzu, santutegiko pisu-neurriaren arabera, oin-txanpona hamar gramokoa delarik.

Irakurri kapitulu osoa Zenbakiak 18