Itun Zaharra

Itun Berria

Zenbakiak 15:30-41 Elizen Arteko Biblia (EAB)

30. «Baina jakinaren gainean bekatu egiten duenak —bertakoa izan nahiz etorkina— iraindu egiten nau. Horrelako hori bota egingo dute herritik.

31. Nire hitza gutxietsi eta nire aginduak hautsi dituelako botako dute herritik, berea baitu errua».

32. Israeldarrak basamortuan zirela, gizon bat harrapatu zuten egur-biltzen larunbatez.

33. Harrapatu zutenek Moises, Aaron eta elkarte osoaren aurrera eraman zuten.

34. Zaintzapean utzi zuten gizona, ez baitzegoen oraindik erabakia zein zigor ezarri.

35. Orduan, Jaunak esan zion Moisesi: «Hil egin behar du gizon horrek! Kanpalekutik atera eta elkarte osoak harrikatuko du».

36. Hala, kanpalekutik atera eta harrikatu egin zuen elkarte osoak, hil arte, Jaunak Moisesi agindu bezala.

37. Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:

38. «Esan israeldarrei: Josi borlatxoak purpura-hariz soineko-ertzetan, bai zuek, bai zuen ondorengoek.

39. Borlatxoek nire aginduak gogoan edukitzen eta betetzen lagunduko dizuete. Horrela, ez diezue amore emango nirekin desleial izatera bultzatu ohi zaituzteten begi-bihotzen irrikei;

40. alderantziz, nire agindu guztiak gogoan eduki eta bete egingo dituzue, eta zeuen Jainko honentzat sagaratuak izango zarete.

41. Neu naiz Jauna, zuen Jainkoa, zuen Jainko izateko Egiptotik atera zintuztena. Neu naiz Jauna, zuen Jainkoa».

Irakurri kapitulu osoa Zenbakiak 15