Itun Zaharra

Itun Berria

Zenbakiak 15:24-41 Elizen Arteko Biblia (EAB)

24. «Oharkabean huts egin duena elkartea bada, zekor bat eskainiko du erre-oparitzat, ohiko labore-opari eta isur-opariekin batera, eta aker bat barkamen-oparitzat. Nik atseginez onartuko dut oparia.

25. Apaizak israeldar elkarte osoaren alde barkamen-ohikunea egingo du, eta barkatua izango du elkarteak bekatua; izan ere, oharkabean huts egin dute eta opariak eskaini dizkidate nire ohorez erretzeko eta beren oharkabeko erruaren barkamenerako.

26. Israeldar elkarte osoari eta haien artean bizi diren etorkinei emango diet barkamena, elkarte osoa izan baita oharkabean huts egin duena.

27. «Oharkabean huts egin duena herritar bakar bat bada, urtebeteko ahuntza eskainiko du barkamen-oparitzat.

28. Oharkabean huts egin duenaren aldeko barkamen-ohikunea egingo du apaizak, eta barkatua izango du herritarrak bekatua.

29. Lege bera izango duzue oharkabean huts egin duenarentzat, bertakoa nahiz zuen artean bizi den etorkina izan.

30. «Baina jakinaren gainean bekatu egiten duenak —bertakoa izan nahiz etorkina— iraindu egiten nau. Horrelako hori bota egingo dute herritik.

31. Nire hitza gutxietsi eta nire aginduak hautsi dituelako botako dute herritik, berea baitu errua».

32. Israeldarrak basamortuan zirela, gizon bat harrapatu zuten egur-biltzen larunbatez.

33. Harrapatu zutenek Moises, Aaron eta elkarte osoaren aurrera eraman zuten.

34. Zaintzapean utzi zuten gizona, ez baitzegoen oraindik erabakia zein zigor ezarri.

35. Orduan, Jaunak esan zion Moisesi: «Hil egin behar du gizon horrek! Kanpalekutik atera eta elkarte osoak harrikatuko du».

36. Hala, kanpalekutik atera eta harrikatu egin zuen elkarte osoak, hil arte, Jaunak Moisesi agindu bezala.

37. Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:

38. «Esan israeldarrei: Josi borlatxoak purpura-hariz soineko-ertzetan, bai zuek, bai zuen ondorengoek.

39. Borlatxoek nire aginduak gogoan edukitzen eta betetzen lagunduko dizuete. Horrela, ez diezue amore emango nirekin desleial izatera bultzatu ohi zaituzteten begi-bihotzen irrikei;

40. alderantziz, nire agindu guztiak gogoan eduki eta bete egingo dituzue, eta zeuen Jainko honentzat sagaratuak izango zarete.

41. Neu naiz Jauna, zuen Jainkoa, zuen Jainko izateko Egiptotik atera zintuztena. Neu naiz Jauna, zuen Jainkoa».

Irakurri kapitulu osoa Zenbakiak 15